Azpeitiarrek garaipena lortu dute Frontoi Txikin

Urola Kostako Hitza 2006ko eka. 11a, 15:06
Ostiral gauean Frontoi Txiki jendez bete zen.

Azpeitiarrek bi partida irabazi zituzten ostiralean jokatu zen Gipuzkoako Herriarteko Pilota Txapelketan

Jende ugari izan zen pilota partidak ikusten (Urola Kostako Hitza)

Gipuzkoako Herriarteko Pilota Txapelketaren finalerdietako joaneko partidak jokatu ziren ostiral iluntzean (hilak 9) Azpeitiko Frontoi Txikin. Azpeitiko eta Azkoitiko pilotariek jokatu zuten norgehiagoka, eta azkenean etxekoek lortu zuten garaipena, bi eta bat irabaziz. Ilunpe Pilota Elkarteko kidea den Jesus Ruiz de ArgandoƱak adierazi duenez, "ez genuen irabaztea espero, baina azkenean garaipena guretzat izan da".

Azkoitiarrak, berriz, ez zeuden hain pozik, baina Jesus Anduezaren arabera, oraindik itxaropena dute finalerako sailkatzeko. Gainera, datorren astean Azkoitiko Gurean jokatuko dituzte bueltako partidak.

Anduezak azaldu duenez, pilotari azkoitiarrak frontoi handian jokatzen ohituta daude, eta "Azpeitiko frontoia txikia denez, ez dira oso ondo moldatu". Lehen partidan, infantilenean, oso gaizki pasatu zutela ere nabarmendu du.

Ostiral iluntzean Frontoi Txikia benetan txiki geratu zen, "jende piloa" izan baitzen herriarteko partidak ikusten.