Jose Mari Eizagirre: "Kirol aldetik ondo jardun dugulakoan gaude"

urola Kostako Hitza 2006ko eka. 8a, 11:06
Jose Mari Eizagirre Garmendipeko futbol zelaian.

Jose Mari Eizagirrek aurten ere presidente kargua uzteko asmoa du, eta ekainaren 22an batzarra deitu dute (Urola Kostako Hitza)

2005-2006ko futboleko denboraldia bukatu berri da Lagun Onak Futbol Klubeko taldeentzat. Orokorrean "emaitza onak" izan dituzte, eta Jose Mari Eizagirre Klubeko presidentea gustura dago. Baina presidente kargua uzteko gogoz dago. Hilaren 22rako Bazkideen Batzar Nagusia deitu dute presidente hautaketarako, 19:30ean, Sindikatu Zaharrean.

Futboleko denboraldia bukatu da. Nolako balorazioa egiten duzu?

Kirol aldetik ondo jardun dugulakoan gaude. Espainiako Hirugarren mailako taldea Play Off-etan sartzeko aukerarekin egon da, eta azkenean 8. gelditu da; mailaz jaistea saihestu, eta gehiago egin du. Nesketan, lehen taldea mailaz igo da eta datorren urtean Espainiako Ligan jokatuko du. Neskek egin duten lana zoragarria izan da. Gainontzean, Ohorezko Infantil Mailakoak mailaz jaitsi dira, baina beste guztiek mailari eustea lortu dute, lan ona eginez. Nesken kadeteetako taldea Gipuzkoako Kopako Txapelketan bigarren gelditu da. Horiez gainera, alebinen taldea daukagu. Maila horretan pauso handia eman dugu. Alebinak Txapelketak jokatzen ari dira. Aurrekoan Euskal Zazpi Probintzietako Txapelketa irabazi zuten, Donibane Lohizunen.

Orduan harrobia badago?

Nik baietz uste dut. Lagun Onak Futbol Kluba gero eta gehiago hazten ari da. Gu sartu ginenean lau talderekin hasi ginen eta orain hamar dauzkagu. Gainera, beste talderen bat sortzeko beharra ere egongo litzatekeela ikusten dugu, baina oso zaila izango da. Horrek zuzendaritzan jende gehiago eskatzen du, laguntzaileak, entrenatzaileak...

Hurrengo denboraldiari begira lanean hasi al zarete?

Datorren denboraldiari begira, uste dut nahiko arazo dagoela hemen. Nik ziurrenik utzi egingo dut presidente postua. 36 urte daramatzat Lagun Onak-eko zuzendaritzan eta 16 urte presidente. Zuzendaritzan urte asko daramatzagunak asko gara, eta jendea pixka bat erreta dago, denboraldiak luze jotzen baitu. Taldeak osatzen, publizitatea lortzen, bazkidetza kanpaina prestatzen... Lanik txarrena edo gogorrena zuzendaritza mailan orain egoten da.

Zuzendaritza berritzeaz hitz egiten ari al zarete?

Geure artean bilerak egiten ari gara eta jendea ez dut jarraitzeko gogo handiarekin ikusten. Nik neuk behintzat uzteko asmoa daukat. Uste dut datorren astean erabakiren bat hartuko dugula. Nik utzi arren, komeniko litzateke zuzendaritzako batzuk pixka bat jarraitzea. Hor arazo handia ikusten dut, eta ez dakit nola bukatuko duen kontu honek.

Iaz ere zuzendaritza utziko zenuela esaten zenuen...

Iaz ez, orain bi urte hasi nintzen hori esaten. Batzarrak egin genituen eta presidentetzarako inor ez zen aurkeztu. Orduan, beste denboraldi batez jarraitzeko konpromisoa hartu genuen. Zuzendaritzan bi lagun berri sartu dira. Baina nire ustez hemen gurasoek ere lan egin beharko lukete... Bestela, zuzendaritzarentzat lan asko da. Futbola ikustea denei gustatzen zaie, baina hemengo lana guretzat gero eta zailagoa da. Guk gure aldetik ahalegin guztiak egingo ditugu jende berria sartzeko edo zuzendaritzan dagoen batek presidentetza hartzeko. Lagun Onak-ek aurrera jarraitu behar du, penagarria izango litzateke hau galtzea. Egun daukaguna lortzea oso zaila izan da, eta urte askoko lanaren ondorioa da.