Lagun Onak mailaz igo da, finala penaltika irabazita

Urola Kostako Hitza 2006ko eka. 5a, 11:06
Lagun Onak eta Intxaurdiren arteko finala Zumaian jokatu zen.

Intxaurdiren aurka bana berdindu du Lagun Onak-en nesken lehen taldeak, baina penaltika gehiago izan da (Urola Kostako Hitza)

Lagun Onak Futbol Klubeko nesken lehen taldea mailaz igo da: Erregional Mailatik Espainiako Ligarako saltoa ematea lortu du. Lagun Onak-ek larunbatean (hilak 3) jokatu zuen mailaz igotzeko finala, Intxaurdiren aurka, Zumaian. Partidan bana berdindu zutenez, penaltika erabaki zuten igoera. Azpeitiarrek 4-2 irabazi zioten donostiarrei.

0-1 galtzen hasi ziren azpeitiarrak, 24. minutuan donostiarrek gola sartu baitzuten. Galtzen hasi orduko jokoari heldu zioten Lagun Onak-ekoek, eta lau minutu geroago Maite Iriartek gola sartu zuen donostiarren atean. Lehen zatia bana berdinduta bukatu zuten.

Bigarren zatian, ez zen golik izan. Baina Lagun Onak-ekoak Intxaurdikoak baino gehiago izan ziren, eta gol aukera gehiago egin zuten.

Partida berdinduta bukatu eta erabakia penaltika hartu zuten. Lagun Onak-ekoek 4-2 irabazi zioten Intxaurdikoei. Pozaren pozez zelai erdian saltoka ospatu zuten igoera futbolari azpeitiarrek.

"Bigarren zatian hobeto aritu gara aurrenekoan baino. Penaltika jokatzea loteria izaten da, eta guretzat izan da dena. Oso gustura gaude lortutakoarekin. Denboraldi gogorra izan da, eta garaipena jokalariek merezitakoa da", zioen Mikel Salegi Kortatxo Lagun Onak-eko entrenatzaileak.

"Urduri jokatu dugu. Hori asko antzeman da. Baina mailaz igotzea lortu dugu, eta orain hori ospatuko dugu", zioen Kristina Fernandez Lagun Onakeko kapitainetako batek partidaren bukaeran.