Gu ez gaude hau onartzeko prest

Gari Berasaluze ('Urola Kostako Hitza'-ko zuzendaria) 2006ko mai. 31a, 13:05

Hitza egunkarietako beste zuzendariak ere badira iritzi honen egile

Eusko Jaurlaritzaren diru laguntzen deialdia dela-eta, kritiko azaldu dira Hitzetako zuzendariak

Eusko Jaurlaritzak ez du Hitza egunkarien lana eta ekarpena errekonozitzen. Ondorio horixe atera dezakegu "euskarazko hedabideak sendotu, garatu eta normalizatzeko" diru laguntza deialdia kontuan hartzen badugu. Eta gu ez gaude hori onartzeko prest. Euskarazko prentsa osatzen duten gainontzeko kideekiko errespetutik, baina inolako zalantzarik gabe, zera esan dezakegu: Hitzena da azken urteetan euskarazko prentsari ekarpen handienetakoa egin dion proiektua. Gaur egun tokiko egunkarien arloan, zazpi Hitza argitaratzen dira (Hernanin Kronika ere bai), eta Hitza guztien artean 50.000 ale inguru banatzen ditugu egunero; 100.000 lagunetik gora jarri ditugu egunero euskaraz irakurtzen.

Baina Eusko Jaurlaritzak ez du ekarpen hori errekonozitzen, ez behintzat diru laguntza deialdi honetan. Urtetik urtera gero eta diru gutxiago jasotzen dute Hitzek, Hitza gehiago sortu diren arren, Jaurlaritzak ez duelako partida hori ezta urrutitik ere neurri berean handitzen. Eta hori erabaki kontzientea da, pentsatutakoa eta hausnartutakoa. Bestela, nekez uler daiteke Jaurlaritzak deialdi honetan egin duena: "Euskarazko hedabideak sendotu, garatu eta normalizatzeko" deialdia izanagatik, iaztik hona jaso den ia igoera guztia (507.650 euro) "nagusiki gaztelania darabilten egunkarien euskara hutseko gehigarriak" laguntzeko erabiliko du Jaurlaritzak (Hitza guztientzat eta 'Kronika'-rentzat 322.200 euro bideratu ditu). Alegia, gaztelerazko egunkariek Hitza denek baino gehiago jasoko dute.

Iaz Patxi Baztarrikak, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntz Politikarako sailburuordeak esan zuen ez duela Hitzen lana ezbaian jartzen. Baina deialdi honek ezbaian jartzen du Hitzen lana, ezbaian jartzen du tokiko egunerokoen ugaltzea eta hazkundea. Eta horrela, nekez garatu, sendotu eta normalizatu daitezke euskarazko hedabideak.

---

Artikulu honen egile honako hauek ere badira: Aitziber Iartza ('Irutxuloko Hitza'-ko zuzendaria), Leire Montes ('Tolosaldeko eta Leitzaldeko Hitza'-ko zuzendaria), Aimar Maiz ('Goierriko Hitza'-ko zuzendaria), Iban Iza ('Oarsoaldeko Hitza'-ko zuzendaria), Maribi Ugarteburu ('Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitza'-ko zuzendaria), Oihana Cabello ('Busturialdeko Hitza'-ko zuzendaria).