8 urtean 1.150 etxebizitza berri egitea aurreikusi du Udalak

Urola Kostako Hitza 2006ko mai. 27a, 18:05

Arau Ordezkatzaileen irizpideak udaletxean ikusteko moduan daude

Hilabeteko epea izango da proposamenak egiteko

Arau Ordezkatzaileen irizpideak erakusgai daude jendaurrean, eta ekainaren 20a ingurura arte ikus daitezke udaletxean. Nahi dutenek CDan ere eskuratu ditzakete irizpideak. Hilabeteko epean proposamenak egiteko aukera edukiko dute herritarrek. Irizpideen arabera, 8 urteren buruan 1.150 etxebizitza egitea aurreikusten du Udalak.

.8 urteko herri antolamendua arautuko duten Arau Ordezkatzaileen irizpideak behin betiko onartu aurretik hainbat pauso eman beharko dituzte. Orain jendaurrean daude. Gero, udalbatzarrean hasierako onespena emango diete, eta ondoren, berriro ere, jendaurrean jarriko dituzte erakusgai. Urrian, behin-behinean onartzea aurreikusten dute Udalean, eta ondoren Gipuzkoako Foru Aldundira bidaliko dira, han behin betiko onartzeko; horretarako sei hilabeteko epea izango du Aldundiak.

Julian Eizmendi alkateak (EAJ) atzo hedabideen aurrean azaldu zuenez, Arau Ordezkatzaileek "irizpide berriak" dituzte, eta batik bat, etxebizitzei eragiten diete. 8 urteko epean 1.150 etxebizitza berri egitea aurreikusten dute. "Azpeitiari Lurraldeko Zatikako Planaren arabera egokitzen zaion batez bestekoa etxebizitza kopuruaren erdia inguru da", azaldu zuen Eizmendik.

Irizpide nagusiak

Arau Ordezkatzaileak egiteko irizpide nagusiak "iraunkortasuna, soziala eta orekatua" izan direla zioen alkateak.

Etxebizitzak egiteko, etxebizitzetarako izendatutako lur eremuak bakarrik erabiliko direla azaldu zuen alkateak. "Etxebizitzak egiteko izendatuta dauden lur eremuak ondo aprobetxatu behar dira. Lehendik dauden lurrak berreskuratzen ere saiatu behar dugu".

Arau ordezkatzaileen irizpideak

ETXEBIZITZA
Bost eremu nagusi. "Herria alde guztietara haziko da, era horretara oreka lortuko da", zioen Julian Eizmendi alkateak.
- Soreasu. "Berreskuratzeko ahalegina egin behar dugu. Kultur gunea, aparkalekuak... hor egingo ditugu". 150 etxebizitza inguru egitea aurreikusten dute.
- Alde zaharra. "Alde zaharra eraberritzeko ahalegin handia egiten ari gara, era guztietara". 130 etxe inguru egitea aurreikusten dute: Iturri Txikin 30en bat, kaleetan 80 bat eta koartelean 20.
- San Migelen Etxe Alairi segida emanaz Iturtzuloraino. 130 etxebizitza inguru. "Inportantea da proiektua. Lur eremu horretan lur azpiko aparkaleku dezente egitea nahi da. Pilotalekua eta kiroletarako ekipamenduak eta itxurazko plaza ere egin nahi dira".
- Zezen-plazaren bi aldeetan 140 bat etxebizitza inguru.
- Etxebeltz-Izarra. 320 etxebizitza.
- Urrestillan 70 etxebizitza berri inguru.
Libreak eta babestutakoak. Aurreikusitako 1.150 etxebizitza horietatik, %57-58a libreak izango dira eta %42-43a babestutakoak. "Babestutakoetatik gehienak babes ofizialekoak izango dira %36 inguru eta gainontzekoak tasatuak". Beraz, 660 etxebizitza inguru libreak eta 490 inguru babesekoak.

INDUSTRIA
Industriagune nagusiak. Larre eta Larrin izango dira.

AZPIEGITURAK
Errepideak.
- Soreasutik Iturtzulora. Soreasu-Frontoi Txiki gaina-Etxe Alai-Arana Goikoa-Iturtzulo lotuko dituen errepide bat egingo da. Horrek Loiolarako errepidearekin lotura izango da.
- Amue-Zabaletxe.
- Zapatari-Atxubiaga-Zabaletxe. «Ziurrenik aurten hasiko dira Zapatarin lanak. Errepide horrek Azkoitiarekin, eta N-1ekin lotura izango du".
Rotondak.
- Garmendi gainekoa. "Epe motz batean egiten hastea aurreikusten du Udalak".
Bidegorriak.
- Herri barruko bidegorri sarea lantzen ari dira. Amue-Landeta lotuko dituena bukatzear dago. Epe motz batean, Jose Artetxe kalea Garmendipeko kirol gunearekin lotuko duen bidegorria egiten hasiko dira.