Aimar Irigoien: "Jendeak sinesgaitz begiratzen digu atzerrian"

Matraka 2006ko mai. 24a, 17:05

Matraka.info webgunean Aimar Irigoien harrijasotzaile errezildarrari galderak egin dizkiote webguneko bisitariek

Obran lanean harrapatu dugu Aimar Irigoien. Ez da harritzekoa, 10 ordu aritzen da egunero. Harria jasotzeko beta eta gogorik ez zaio falta, halere.

Herri kirolariei futbolistei baino kasu gutxiago egiten dizuete komunikabideetan. Zer iruditzen zaizu hori? NEREA

Penagarria da hemen bertan sortutako kirolari horren kasu gutxi egitea. Baina, zorionez, egunetik egunera aldatzen ari da hori, gero eta kasu handiagoa egiten digute, eta ea zorte pixka batekin oraindik eta handiagoa egiten diguten.

Herri kirola eta apustua eskutik doaz gehienetan. Hori egokia iruditzen al zaizu? MIKEL

Hori beti izan da horrela, eta horrela izan beharko du. Gero eta jende gutxiago joaten da herri kirolak ikustera, eta prestatzen ibiltzen garen kirolariok kostu dezenteak izaten ditugu. Horri aurre egiteko bada ere, apustuak egon egin behar du.

Herri kirolen etorkizuna iluna dela esaten dute askok. Zuk hala ikusten al duzu? MAITANE

Bai, galtzen ari dira. Egia da aizkoran orain zerbait mugitzen ari dela, baina orokorrean herri kirolen etorkizuna nahiko iluna da. Horri buelta emateko zerbait egin beharko litzateke. Futbolean eta beste kiroletan sortzen dituzte eskolak, ba agian gure kirolekin ere horrelako zerbait egin beharko litzateke. Ez dakit funtzionatuko lukeen, baina probatzearekin ez da ezer galtzen.

Zeini botako zenioke harria kaskezurrera? ENEKO, OREXA

Uff... askori botako nioke, baina horrela bakar bat esaten ez naiz ausartzen, ez dakit bat aukeratzekotan zein aukeratuko nukeen.

Kirol hau euskaldunentzat bakarrik al da? NI, EZKERRALDEA

Ez, ez, horrek ez dauka zerikusirik. Euskalduna izan ala ingelesa izan, berdin-berdin dio. Egia da hemen praktikatzen dela gehien, bertan sortutakoak direlako, baina euskalduna edo ingelesa izan, kirol honetan ez dago hitz egin beharrik, eta berdin dio.

Arraroa da gazte bat gisa honetako kirol batean ikustea. Zerk bultzatu zintuen zu? NI, EZKERRALDEA

Euskal Herrian, nire inguruan behintzat, ez da beste ezer ikusten. Ni ere, umetan, aitarekin eta amarekin hara eta hona ibiltzen nintzen herri kirolak ikusten. Horixe ikusten nuen, eta horixe probatzen hasi nintzen. Aitonak egurrezko molde bat ekarri zidan orduan, eta harekin hasi nintzen lau urterekin, eta oraintxe arte. Egia esan, orain utziko banu, sekulako falta sentituko nuke.

Aretxabaletako koadrila batek desafioa botako balizu? K23

Ikusi egi n behar zer-nolako desafioa den! Ikusi egin beharko litzateke ze erronka botatzen duten.

Zer gosaltzen duzu? EIDER

Astearen erdira arte, ura. Eta, normalean, jogurt bat edo platano bat. Oso gutxi gosaltzen duten horietakoa naiz.

Neskak herri kirol munduan sartzeari zer deritzozu? ANONIMOA

Nahiago nuke gehiago sartuko balira, herri kirolari beste astindu bat emateko. Niri oso ondo iruditzen zait. Ez dut uste inolako arazorik egongo litzatekeenik. Bat badabil dagoeneko, eta jendeak ikaragarri gustuko du.

Nolakoa da harri jasotzaile baten eguneroko bizitza? Hortik bizi al zara? ANONIMOA

Ez, ez naiz harri jasotzetik bizi. Lan egiten dut egun osoan, obran hamar orduz. Hala egin beharko, hortik bizitzerik ez baitago.

Euskal Herritik kanpo aritu al zara inoiz? ANBOTO, ELORRIO

Iaz, Suitza, Turkia eta Alemanian izan nintzen. Esperientzia ederra da, jendeak ez baitu sinesten benetako harriak direnik, sinesgaitz begiratzen digute atzerrian. Erakustaldiaren ondoren, jendea harrira gerturatu, eta heltzen eta probatzen hasten zen, benetan hainbeste pisatzen al duten konprobatzeko edo. Aurten, berriz, Argentinara joateko gonbita egin didate.

Harri jasotzaileek basajaun ospea duzue... ANONIMOA

Hori jendearen pentsatzeko moduaren araberakoa da. Basajaunak batzuk bai eta beste batzuk ez, hala izango gara edo dira. Ez dut uste harri jasotzeari lotuta dagoen zerbait denik; hori pertsonaren araberakoa dela esango nuke.

Neskak harria bezala tratatzen al dituzu? TXUPI

Kar, kar... ez ez, askoz goxoago tratatzen ditut.

Zer duzu nahiago, 250 kiloko harria bizkar gainera altxatzea ala 50 kiloko neska bat ligatzea? IÑAKI, LEKEITIO

Ez dakit, baina uste dut harria jasotzea nahiago dudala une honetan. Oraindik lortu ez dudan marka da 250 kilokoa, eta hori egitea lorpen handia izango litzateke. Neskak, ba bestela ere etorriko direla sinestea nahiago dut. Gero etorriko diren ala ez beste kontu bat dan, baina.... 14 Zer duzu nahiago, 250 kiloko harria bizkar gainera altxatz