Pako Aristi: "Pentsamenduaren masajista naiz"

Idoia Etxeberria (Berria) 2006ko mai. 24a, 17:05

Berria egunkarian Pako Aristi idazle urrestildarrari elkarrizketa egin diote

.30 liburu eman ditu argitara; ehundik gora iritzi artikulu. Mihia luma bezain zorrotza du. Haren suzko hitzetan busti gara, pentsamenduaren hariei tiraka, bolaluma eta papera poltsikoan utzita.

Probokatzailea. Kritikoa. Pako Aristi (Urrestilla, 1963) garaiz iritsi da hitzordura. "Ordurako heltzea gustatzen zait". Sakelako telefonorik ez du: "Esandakoa betez gero, ez dago beharrik. Helikopterorik ere ez daukat, beharrik ez dudalako sentitu". Ebaki bana eskatu, eta mahai librean eseri gara. Sarri joaten da Donostiako Tanger tabernara. "Ikusten horko bi emakume horiek? Umeak eskolan utzi, eta hona etortzen dira egunero. Kafea eta whiskia hartzen dute". Kaleko mugimendua barruraino sartzen da, beirate zabaletik. Bizar-luze bat pasatu da espaloitik; ile zuri eta naroa du: "Neguan, horrek bufanda beharrik ez!". Ezagunak ere ikusi ditu, eta kristalaren bestaldetik agurtu: "Ez dakit lekurik onenean jarri garen".

Besoan igeltsua jarri zizutelako hasi zinen liburuak irakurtzen.

Bai, bederatzi urterekin besoa hautsi nuen, eta berrogei egun egon behar izan nuen igeltsuarekin, eta horrek eman zidan eskolara ez joateko aitzakia. Etxean, hasi nintzen harrapatzen nuena irakurtzen, irratia entzuten... Esan liteke gustu pixka bat hartu niola, bai. Enid Blytonen Bostak abentura liburuak eta. Egunkaria ere bai, goitik behera irakurtzen nuen.

Eta noiz maitemindu zinen folioarekin?

Beharbada, lehenengo idazmakina eskuetan eduki nuenean. 11 urte neuzkala edo, gurekin izeba alargun bat bizi zen, eta hark ekarri zuen idazteko makina bat etxera, opari gisa, denontzat: bost anai-arreba ginen, baina besteek ez zioten arretarik jarri. Eta niri gustatu egin zitzaidan. Objektuak askotan pizten du gure barruan grina bat. Olivetti bat zen, zuria, eta han hasi nintzen autoikasten: Azpeitira joan eta folioak ekarri, han sartu eta idazten. Tinta gorria eta urdina zeuzkan. Niretzat gauza liluragarria izan zen. Gordea daukat garai hartan idatzitako folio bat.

Idaztetik bizi zara. 21 urterekin kaleratu zenuen lehen liburua: Kcappo. Traba asko aurkitu al zenituen zure bidea egiteko?

Ez. Batetik, nire aukera bat izan da. Gustatzen zitzaidana eginez bizitzea. Gero, nik inoiz ez dut izan kapitalismoak ezartzen dituen helburu horiek lortzeko asmorik: etxe bat erosi, auto berri bat, oporretara joan ez dakit nora, elkarte bateko partaide izan, ez dakit zer arropa... Gauza horiekiko inongo loturarik ez dut eduki, eta ez da zaila izan bizitzeko adina irabaztea. Etxeko presioa izaten da: Har ezazu lan finko bat, eta gero nahi duzuna egin denbora librean. Eta nire planteamendua kontrakoa zen: Nik idatzi egingo dut, eta gero, beharbada, denbora librean lantxo batzuk egingo ditut. Oso gaizki eraman izan dut kanpotik agintzea, norbait gainean izatea. Horretan beti izan naiz anarkoa. Agintzeko grina daukana pertsona kaskarra iruditzen zait, gogaikarria.

Batzuk xanpainarekin ospatzen dute lan finkoa lortzea...

Nik zubitik behera botako nuke neure burua fijo egingo banindute nonbait, edo xanpain botilarekin emango nioke burutik behera fijo egin nauenari! Garbi izan dut neure bidea. Horretan oso indibidualista eta egoskorra izan naiz.

Zergatik aukeratu zenuen Kazetaritza?

Idazle izan nahi nuelako. Zein da idazle izatetik gertuen dagoen karrera?, galdetu nion bati. Filologia edo kazetaritza, esan zidan. Eta filologia niri aspergarria iruditzen zitzaidan, latinarekin, grekoarekin... Eta hori ere nire beldur handi bat izan da: aspertzea. Bizitza honi zukua atera nahi nion, gozatu. Eta pixka bat dibertigarriagoa iruditzen zitzaidalako aukeratu nuen kazetaritza.

Literaturatik bizitzerik badago?

Zail samarra da. Urte batzuetan nire soldataren erdia atera izan dut literaturatik. Gorabehera asko izaten dira. Zenbat diru etorriko den jakin gabe bizi zara. Nik ez dakit orain Irlandara edo Argentinara oporretara joan ote nintekeen edo ez. Igual, gero faltako zait irailean. Ezin da planifikatu!

Eta horrek ez du larritasunik sortzen?

Horrek? Poz handia! Segurtasun falta gauza polita da. Bizitzeko grina ematen dit; barruan azkura bat sentitzen dut. Dena seguru eta ondo dagoenean, esaten dut: pruff! Hau da... aspergarria! Ez zait gustatzen poltrona batean lasai dena ondo doala jakinik bizitzea. Eta hau benetan esaten dut. Gizarte honetan antzerki asko egiten da; jendeak gauzak esaten ditu eta beste era batera bizi da askotan.

Musika bidelagun izan duzu beti. Zer da zuretzat?

Musika beste lengoaia bat da niretzat. Organoa ikasi nuen txikitan, neure kabuz. Gaur dena gidatua dago. Trikitia ikastera joan behar duzu, esaten dio gurasoak umeari. Ni umea nintzenean, ez zen horrela. Urrestillan organista zahar bat zegoen, eta 9 urterekin gizon horri esan nion: Aizu, organoa jotzen erakutsiko al didazu?. Harekin hasi nintzen, egunero. Eta nik esan nion amari zer ari nintzen ikasten. Ondo, segi, ikasi; ikastea ona duk!. Eta ez tori, trikitia inposatu, milaka dabiltzan bezala; gero, bazterrean geratzen da trikiti hori. Nik aldrebes egin nuen. Hura niretzat alternatiba bat izan zen nire haurtzaroan, kiroletarako neukan baldarkeriarentzat. Alferra nintzen kirol kontuan.

Nolatan da posible sinestuna izan gabe igandero mezetan organoa jotzea?

Bai, begira: ni naiz Euskal Herriko organista ateo bakarra. Beste bat omen dago Seguran agnostikoa dena. Meza, funtsean, antzerki obra txiki bat da; atalak dauzka: Jesusen historia kontatzen da, bere errituak dauzka (ostia kontsagratzea, elkarri eskua ematea...). Nik musika jartzen diot antzerkiari. Gure ama ere hor egoten da, eta presio handiak egin dizkit organoa ez uzteko. Behin esan zidan: Ni bizi naizen arte jarraitu jotzen, ni bizi ez naizenean nahi duzuna egin. Eta nik baietz esan nion, sumatu gabe hori esan zidanean artean gazte samarra zela bera eta urte asko biziko zela! Eta orain ezin hasiko naiz uzten. Bestalde, azpeitiarrek maitasunean hartzen naute ni organista naizelako: tabernan errondak ordaintzen dizkizute... Oso harreman afektibo polita sortzen da. Eta, bukatzeko, meza leku ederra da egunkaria irakurtzeko, apaiza sermoia egiten ari den bitartean. Hura han eta ni hemen, elkar errespetatuz, baina elkar estutu gabe. Ez naiz saiatu hura ateo bihurtzen inoiz, eta bera ez da saiatu ni kristau bihurtzen inoiz.

Gaita eta dultzaina ere jotzen dituzu.

Hori, festa girorako. Beti gustatu zait festan parte hartzea. Zurruta ere bai, noski, denoi bezala; ligatu ere bai zer edo zer, ahal bazen! Baina ni ez naiz inoiz izan ikuslea; alegia, desfilea dagoenean espaloian begira dagoena. Nik beti parte hartu nahi izan dut. Eta oso parrandazalea izan naiz.

Izan zara? Ala zara?

Orain ez hainbeste: mistiko bihurtzen ari naiz. Lehen, parrandazale ikaragarria nintzen. Astean lau egiten nituen. Baina gure parranda taberna zaratatsuetatik ihes egin eta lagunekin hitz egiten egotea zen, istorioak kontatzen, kantatzen... Ez genuen topatzen giro jendetsua, musika ezin ozenago, lerdokeriak esaten eta kalimotxoa alkandoratik behera botatzen. Parrandazale sibaritak ginen pixka bat.

Noiz galdu zenuen lotsa?

Orain ari naiz lotsa pixka bat berreskuratzen. Gaztetan galdu nuen, birjinitatearekin batera. Zutabeak idazten dituzunean, zure iritzia publiko bihurtzen da kasi-kasi; ni oso gaztetan hasi nintzen, erabateko inkontzientziarekin eta natural.

Zer eman dizu idazteak?

Asko eman dit idazteak. Leku bat bizitzeko Euskal Herrian. Gauzak ulertzeko bidea. Idaztea, nolabait, arnasa hartzea da niretzat. Gauza sorgina da: askotan pentsamenduak hor barruan dauzkazu, baina oso ondo identifikatu gabe, eta idazten hasten zarenean, orduan hartzen du forma garbia: A, noski, ni pentsatzen ari nintzena hauxe da!. Idazteak hori eman dit: argitasuna. Eta horrek irakurleei batzuetan argitasuna eman baldin badie, ba, konpleto nire zoriona!

Gautxoria zara. Goizeko ordu txikietan idazten duzu.

Bai, baina ez da nire kulpa! Gauza biogenetiko bat da. Nire amak esaten du: goizeko ordu bata, ordu biak... bera ohean, niri behatza emanda, eta ni sehaskan haren behatza behar nuen lo egiteko; neguan, besoa jelatuta, barrura sartu nahian, begiratzen omen zuen, eta ni esna. Isilik, hori bai, baina begiak zabal-zabalik! Hala izan da txikitatik, eta orain ere hala jarraitzen dut. Hirurak-laurak arte esna, eta gero hamabiak arte-edo lo. Baina ez da nire bizitza bohemioa izan delako, faranduleroa... Biologikoa da.

Azkenaldian fikziotik pixka bat apartatu zara, zure mundu ikuskera emateko.

Bai. Fikzioak nekatu bezala egin nau urte batzuetan. Pelikuletan, askotan ikusten dituzunean, asmatu egiten duzu zer datorren hurrengo eszenan. Pertsona bat igogailura igotzen denean, deskribatu behar duzu atea ireki duela... Deskribapen zehatz hori egiteak pereza ematen zidan, eta utzi egin nuen, babesgabe sentitu gabe. Beste literatura modu bat egiten hasi nintzen, neuregandik gehiago ateratzen ziren gauzak kontatzen: gogoetak, iritziak, penak... Hau nire pena da, eta ez da Joseph deitzen den pertsonaiarena. Beste indar bat du idazlea barrutik kontatzen ari dela jakinda. Zeuk irakurlearen etxean atea jotzea da: Pasa, pasa, entzungo dizut. Bestea, fikzioa egitea, saltzaileak liburua ekartzea da.

Note Book-ekin, trilogia osatu duzu. Zikloa itxi egin da?

Bai, ziklo hori bukatu da, eta bukaera antologia bat izango da, gaztelaniaz. Bassarai argitaletxeak aterako du, datorren urtean. Orain ari gara prestatzen. Trilogiaren testamentua izango da; amaiera politagorik ezin zuen eduki.

Besterik esku artean?

Ez naiz ezer zehatza egiten ari, baina asmoak beti asko: nobelak, antzerki obra bat ari naiz idazten, eta poema batzuk ere bai... Imajinatzen duzu gailurrik altuena, eta gero bidea egin behar duzu horra iristeko. Borroka horretan bizi naiz ni etengabe.

Zirikatzailea zara. Kritika zorrotzak egiten dituzu sarri...

Nahi adina inoiz ez! Nahi izaten dut beti zorrotzagoa izan.

Etsai asko ekarri dizkizu horrek?

Bai, ziur asko. Ez naiz oso kontziente. Niregana hurbiltzen den jendea maite nauena izaten da, normalean. Jaso izan ditut gutunak, telefono deiak, zerbaitetan mindu dudan jendearenak. Baina nik uste dut mina ezinbestekoa dela; eragitea eta jasotzea ere bai. Iritzia daukanak etsaiak dauzka, ez dakit nork esaten zuen. Eta nola gure kasuan iritzia publikoa den, gerta liteke zientoka edo milaka etsai edukitzea. Ez nau kezkatzen.

Bertsolariak, kirolariak, sukaldariak, politikariak... kritikatu izan dituzu.

Batez ere, Euskal Herriaren iruditzat erabiltzen dituzten kolektiboak kritikatzen ditut. Sukaldariak, enpresaburuak... Ibarretxek beti enpresaburu talde bat eramaten du bidaietara. Gizartearen eredu bihurtzen da kirolaria ere... Hedabideek fokalizatu egiten dute interesa; menu hori apurtu nahi dut nik.

Zuk idatzia da: "Hitzak olioaren gainera botatzea eta han dantzan jartzea da nire helburu literarioa, nire ausardia bakarra munduan".

Egia sozial bat dago, gauza batzuk ontzat dauzkana eta beste batzuk txartzat; olioa bezala hedatzen da uraren gainean, eta hortik gora ez gara ateratzen. Sukaldariena: kokoteraino nago sukaldariekin! Iruditzen zait aurpegi ikaragarria daukatela! Enpresariak dira denak; oso garestia da horien jatetxeetan jatea pertsona normalentzat. Ni pertsona normala naiz: inoiz ez dut bazkaldu Argiñanoren etxean, Arzakenean... garestia delako. Eta horiek agertzea herri honen ordezkari gisa, irudi amable gisa... Lehengoan, Arzaken alabari irakurri nion: Gastronomia kultura da. Ni, orduan, inkultua naiz! Ze nik ez dut inoiz gozatu zure gastronomiaz, prezio horiekin! Nire egoera bitala gauzak etengabe zalantzan jartzea da, inertzia sozialaren aurka joatea: pentsamendua lantzea. Pentsamendua da gauza bat jendeak gutxi gorabehera 17 urterekin edo karrera amaitutakoan batzuetan, 23rekin lantzeari uzten diona; jarraitzen du pesak egiten, makillatzen... gorputzeko alor guztiak lantzen, eta adimena lantzeari uzten dio! Galera izugarria iruditzen zait; aberastasunik ederrena hor dago. Nire aldarrikapena pentsamendua astintzea da, nahiz eta batzuetan maiseatzailea naizela iruditu. Giharrak astintzeko, masajistak kolpeak ematen ditu. Ba, ni pentsamenduaren masajista naiz, eta kolpeak eman nahi dizkiot jendearen pentsatzeko ahalmenari, jode!

"Loaren kontrako liburuak" egitea da zure helburua. Berdina bilatzen duzu?

Bai, noski. Liburuetan bi gauza bilatzen ditut funtsean: lilura nazala, zerbait ezberdina eskainiz, eta esplika diezadala bizitza, ni une horretan pasatzen edo sufritzen ari naizen zerbait. Ze batzuetan kointzidentziak gertatzen dira, eta, ostia, hori da gauzarik ederrena! Literatura bizitza jasotzeko, esplikatzeko edo zalantzan jartzeko tresna bat da. Esango nuke liburua gauza terapeutikoa dela. Ez da denbora pasatzeko gauza bat, ez da ikasteko edo zitak lortzeko... bizitzan laguntzen du edo ez du laguntzen. Laguntzen ez badu, nik liburua utzi egiten dut! Hor ez daukat inongo militantziarik Euskal Herriarekiko, hizkuntzarekiko... Euskal Herriko izarrik handienarena izango da, nire lagunik handienarena, edo sarituena... berdin dit.

Zuk ere jaso duzu saririk: Rikardo Arregi saria, euskal narratibaren kritika saria, Beterriko Liburua...

Bai, errekonozimendu handia izan dut. Nik ez dut besterik behar. Ez dut Euskadi Saririk nahi. Ez dut Espainiako Sari Nazionalik nahi inondik inora; Alemaniako idazleek, adibidez, ez dute ilusio berezirik edukiko Italiako sari bat lortzeko. Ni euskal idazlea naiz, eta mentalki Euskal Herria nazio independente gisa bizi dut. Ez daukat inongo ilusiorik Madrilen, Alfaguaran, liburua argitaratzeko. Argitaratu nahi badute, ondo; oztoporik ez diet jarriko. Baina ez daukat inongo helbururik Madrilen onartua izateko. Kontrakoa ere esango dut: amorru handia ematen dit Madrilekin daukagun menpekotasun estetiko eta ideologiko horrek.

ETB1eko Kalaka saioan agertzen zara, Euzkitzerekin. Hor segitzeko asmotan?

Ez dakit. Ez naiz zalea. Nire lekua ez dago plato batean. Telebistan asko agertzen bazara, jendearentzat zu tertulianoa zara, eta idazlea estalita geratzen da. Telebista oso boteretsua da: gau batean irits ninteke 25 urtean iritsi ez naizen jende multzo batengana: 80.000 pertsona, igual. Kontu handia eduki behar da: bi hilabetean lurperatu dezake urte askotako lana. Eta gehiago bururik jaso ez! Hori gertatzen ari dela ikusten badut, berehala alde egingo dut; uko egingo diot telebistari eta hor irabazten den dirutzari. Ze dirua egiteko makina bat da telebista! Ikaragarria da diru publikoarekin egiten den abusua! Hori esan eta gero, ez didate gehiago deituko. Eta bakea!

MOTZEAN

­ Mania: Ezin dut eraman trenean-eta noanean norbait ondoan jartzea eta hizketan hastea nik interesik agertu gabe. Oso petral jartzen naiz.

Tatxa: Jarraikitasun gutxi daukat. Esperimentatzearekin aski dut; galdu egiten dut interesa. Ez dut jarraipen handirik egiten. Fuera! Beste zerbait berria behar dut. Eta horrek askotan halako hustasun existentzial bat ekartzen dit, antsietate pixka bat.

Beldurra: Etengabe sortzen dira beldurrak. Beldur handiena igual izango da norbait nitaz maitemintzea eta ni ere maitemintzea, baina niri maitemina azkar pasatzea eta besteari gehiago irautea eta sufriaraztea. Hori gertatu izan zait hainbat alditan. Eta ematen dit... barne kezka; ez nau lasai uzten.

Ametsa: Amets handi bat esateko: nik Euskal Herria independente ikusi nahi dut, jode! Baina behingoz! Mendeetan ari gara hemen bueltaka! Nazio bat bere estatuarekin, eta kito. Gero borroka egingo dut, noski, estatu horren aurka, ni ideologikoki anarkista naizelako. Baina eduki nahi dut estatu euskaldun hori, gero topiko guztiak hankaz gora jartzeko.

Bizioa: Nire bizio bakarra -pitin bat aburgesatua ere banaiz- leku dotore batean eserita Benedictine kopa eder bat eta Montecristo handi bat, ttak, lasai erretzea da; Hotel Londreseko kafetegian, adibidez. Burges madarikatu tripontzi bat bezala; baina izan gabe, noski. Hori, eta gauerdian etxeko leihoan txirri bat erretzea, idazten egon banaiz lasaitzeko.

**­Pasioa**: Pintura, artea. Txarra naiz margotzen, baina orain dela urte gutxi hasi naiz pintura ikusten, arte liburuak erosten... Parisen, XIX. mendean egon ziren inpresionistekin erabat maiteminduta nago, liluratuta.