Igoera jokatzeko aukeran

Urola Kostako Hitza 2006ko mai. 24a, 16:05

Lagun Onak Futbol Klubeko lehen bi taldeek igoera fasea jokatuko duten ala ez larunbatean (hilak 27) erabakiko da (Urola Kostako Hitza)

Orain dela gutxi sailkapenean behera begira zegoen Espainiako Hirugarren Mailako Lagun Onak futbol taldea. Orain, berriz, goian dago, eta igoerako Play Off-a jokatzeko aukera du; larunbatean erabakiko da.

Espainiako Bigarren B mailarako igoera jokatuko balu "historikoa" izango litzatekeela dio Jose Mari Eizagirre Lagun Onak Futbol Klubeko presidenteak: "75-76 denboraldian Lagun Onakeko lehen taldearekin bederatzi bidaia egin genituen Madrilera (Espainia), baina orduan ez zegoen Espainiako Bigarren B mailarik. Orain, Play Off-a jokatzera heltzen bagara, historikoa izango da".

Hiru talderen artean dago kontua: Lagun Onak, Laudio Salleko eta Arenas. Puntu bakar bateko aldea dute. Denboraldia larunbatean bukatuko dute denek ere, eta orduan jakingo da nork jokatuko duen igoera. Lagun Onakek Zamudioren aurka jokatuko du Garmendipen, 18:00etan. "Larunbateko partida emozio handikoa izango da. Denok ordu berean jokatzen dugu, eta eskuko telefonoa gainean dugula jokatzeko moduko partida izango da", dio Zulaikak.

Denboraldi hasieran jarritako helburuak gainditu egin ditu Lagun Onakek. "Gure helburua hasiera-hasieratik mailari eustea izan da. 50 puntu lortu nahi genituen horretarako, eta dagoeneko 53 ditugu", dio Juan Ramon Olalde Kinttela Lagun Onak-eko kirol arduradunak.

Futbol Klubeko zuzendaritza ere "gustura" dago mutilek egindako denboraldiarekin, "denboraldiko bigarren zatia bikaina egin dute, eta larunbatean irabazi edo ez, egindako denboralboraldi bikainagatik txalotuko ditugu", dio Eizagirrek.

Neskek ere finala gertu

Lagun Onakeko nesken lehen taldeak ere denboraldiko azken partida jokatuko du larunbatean, Beti Onaren aurka. Hauek beraien taldean aurrenak doaz. Larunbatean irabazten badute, mailaz igotzeko finala jokatu beharko dute Intxaurdiren aurka. "Neskek mailaz igotzeko aukera asko dituztela uste dut. Mutilen lehen taldeak baino aukera gehiago dute", dio Eizagirrek.