Iratxe Aranburu: "Kirol eskaintza guztia gizonezkoei begira egin da"

Urola Kostako Hitza 2006ko mai. 18a, 17:05

Aranburuk hitzaldia emango du gaur, osteguna, Dorleta Ugalderekin batera

Hitzaldia, Sindikatu Zaharrean izango da 19:30ean (Urola Kostako Hitza)

Iratxe Aranburu Arrasateko Udal Kirol teknikariak, eta Dorleta Ugalde Eusko Jaurlaritzako Kirol Zuzendaritzako teknikariak, hitzaldia emango dute gaur, 19:30ean, Sindikatu Zaharrean, Emakume Taldeak eta Bilgune Feministak antolatuta. Hitzaldiaren izenburua Emakumeak eta kirola, jokatzeko asko dagoela! da.

Emakumeak haurrak direnean kirola egiten dute, baina gero badirudi askok utzi egiten dutela. Horrela al da?

Bai, zoritxarrez hala da, eta gai hau hausnarketa sakon baten beharrean dago. Nesken kirol praktika asko eremu pribatura bideratzen da, eta beraien borondate eta nahiaren arabera ematen da kirol praktika, inongo babes sozialik gabe.

Uste da kirolak emakumeak maskulinizatzen dituela, kirol praktika arriskutsua dela emakumearen osasunerako eta amatasunerako. Horren aurrean zer diozue?

Irudi horien aurka dauden kirol ikerkuntza zientifiko asko dago, eta oraindik orain horien menpe jarraitzen dugu. Zer da maskulinoa edo femeninoa? Garai eta eremu zehatz batean emakumeei eta gizonezkoei egozten zaizkien baloreak, eta horretatik eraikitzen diren estereotipoen aurrean asumitu beharreko rolak gizartean. Zergaitik da maskulinoa emakume indartsu bat? Emakume hori ez da maskulinoa, emakume indartsu bat baizik.

Emakumeei kirola egiteko gizonezkoei bezainbeste aukera eskaintzen al zaizkie?

Argi dago ezetz. Kirol eskaintza guztia gizonezkoei begira egin da, eta ondoren, emakumeei egokitu da. Oso kirol eskaintza gutxi egin da emakumeen beharrak abiapuntu hartuta.

Gizonezkoen kirolak sari handiagoak izaten ditu emakumeenak baino. Zer egin behar da egoera hori aldatzeko?

Kirol politika bera aldatu beharko litzateke, eta esan daiteke, pittinka bada ere, lehen urratsak ematen hasiak direla gai honen inguruan. Hortxe dago erronka. Honetan guztian administrazio publikoek zeresan handia daukate, izan ere, irizpideak finkatu eta kirolaren inguruan mugitzen diren eragile ororengan eragin bailezake.