Larrañaga, Realeko harrobiaren zuzendari

Uztarria 2006ko eka. 2a, 13:06
Jesus Mari Zamora, Juan Antonio Larrañaga eta Miguel Fuentes goizeko aurkezpenean. (Argazkia: realsociedad.com)

Lehen taldetik beherako kirol arduraduna izango da

Lehen Joxe Mari Bakerok zeukan ardura hori; orain Bakero lehen taldeko entrenatzaile baino ez da izango

Juan Antonio Larrañaga azpeitiarra izango da Realeko harrobiaren zuzendaria datozen lau denboraldietan, atzo (osteguna) Realeko zuzendaritzak jakitera eman zuenez. Joxe Mari Bakerok lehen taldearen entrenatzaile segituko du, eta Larrañaga izango da lehen taldetik beherako arduraduna. Denboraldi honetan Bakero izan da futbol klubeko kirol zuzendaria, baina Realak orain bitan banatu du kluba kirol ikuspegitik: lehen taldea eta beste guztia.

Gaur goizean egin dute Larrañagaren aurkezpena Anoetako prentsa aretoan. Bertan, Larrañagak kargua hartzeko erabakia hartzea ez zaila egin esan du. "Gustora nago eta nire lana Reala goian egon dadin baliogarri izaten saiatuko naiz; ahal izanez gero, etxeko jokalariekin". Bere lanari buruz zera esan du: "erronka polita da batez ere jokalariak lehen taldera iristea".

Jose Mari Bakerorekin harreman ona duela adierazi du Larrañagak "asko hitz egin dugu eta Jose Mariren planteamenduak gustuko ditut. Berarekin erabateko harreman izango dugu". Realeko zuzendaritzak gaur aurkeztu badu ere, Juan Antonio Larrañaga uztailaren 1ean hasiko da Realaren harrobiko zuzendari lanetan.

Larrañaga Loiola auzokoa da, eta 1958ko uztailaren 3an jaio zen. 1980tik 1994a arte jokatu zuen Realeko lehen taldean; guztira, 589 partidatan. Espainiako bi Liga irabazi zituen, Kopa bat eta Superkopa bat; 22 gol sartu zituen. Reala utzi zuenetik futbol munduan segitu du, Gipuzkoa mailan taldeak entrenatuz eta ETB1en partiden aipamenak eginez.

Bakerok orain dela hilabete batzuk proposatu zuen Larrañaga klubeko talde teknikora sartzea. Biek aspalditik ezagutzen dute elkar, Bakero bera ere Realak lehen Liga irabazi zuenean taldean zegoelako jokalari gisa (1980-1981ean).