Nesken futbola sustatzeko txapelketa

Urola Kostako Hitza 2006ko mai. 17a, 15:05

Lagun Onak Futbol Klubeko nesken taldeko jokalariek antolatu dute

Parte hartzeko hamarreko taldeak osatu behar dira; talde bakoitzak 60 euro ordaindu beharko ditu (Urola Kostako Hitza)

Lagun Onak Futbol Klubeko nesken lehen taldeak emakumeen futbola bultzatu nahi du, eta horretarako Emakumeen I. Futbol Txapelketa antolatu dute. "Emakumeen kirola sustatu eta bide batez futbola bultzatzea da txapelketaren helburua", dio Alaitz Bastida Lagun Onakeko erregional mailako futbol taldeko kapitainak.

Futbolariek bideratu duten ekimena da Futbol Txapelketa. Ekainean jokatuko da, larunbatetan, Garmendipeko belar artifizialeko futbol zelaian.

Nesken futbol txapelketa zergatik antolatu duten galdetuta, "herrian antolatzen dira futbito txapelketak baina neskak eta mutilek batera jokatu behar izaten dute. Neska asko gelditzen da txapelketa horietan jokatu gabe, nahiz eta horrelako txapelketatan jokatuko luketen", dio Alaitz Bastidak.

Kirola eginez ondo pasatzea da antolatzaileen asmoa: "Txapelketa irabaztea edota lehia baino gehiago ondo pasatzea da kontua. Lagun Onakeko neskak talde bat osatzen saiatuko gara geure koadrilakoekin edo beste lagun talde batekin, baina bakoitza bere aldetik. Horregatik jendea animatu nahi dugu izena ematera, sortuko den giroa izango delako garrantzitsuena".

Txapelketan parte hartzeko hamarreko taldeak osatuko dituzte, eta zazpik jokatuko dute. Taldeko 60 euro ordaindu behar dira. Izena emateko hainbat toki jarri dute: Azpeitian Txarrantxa, Oinatz, Bost, Zuhatz tabernetan eta Orkatzen. Azkoitian Lujanen, Atraskuan, Becketten eta Etxe Aitzen, eta Zestoan Gaztetxean eta Uztapide tabernan.