Apustuaren saltsa

Uztarria 2006ko mai. 12a, 14:05
Uraitz Iturzaeta eta Jon Beloki, Iñigo Uzkudun eta Martin Mendizabalen kontra ariko dira bihar.

Martin Mendizabal eta Iñigo Uzkudunek, Uraitz Iturzaeta eta Jon Belokiren kontra jokatuko dute apustua, aizkoran eta segan

Larunbatean 18:00etan Añota sagardotegi ondoko zelaian izango da proba

Bihar, larunbata, Azpeitiko lau gaztek bikoteka, Martin Mendizabal eta Iñigo Uzkudunek Uraitz Iturzaeta eta Jon Belokiren kontra apustua jokatuko dute Añota sagardotegi ondoko zelaian 18:00etan, aizkoran eta segan. Duela sei hilabete, "afalondoren erronkan hasi ginen ‘hi ez haiz ni baino gehiago’ eta... horrela sortu zen ideia. Elkar tentatzen hasi ginen", dio Mendizabalek. "Orduan ez zegoen belarrik eta denbora tarte pixkat hartu genuen, entrenatzeko aitzakia hartuta. Belarra etorri arte itxaronez" dio Uzkudunek.

"Hasiera batean lagun arteko zerbait egiteko asmoa genuen, baina jendea enteratu ahala giroa beti ere berotzen joan da, eta prestatzen hasi gara", diote laurek. "Gauzak txukun" egiteko Herri Kiroletako Gipuzkoako Federazioarekin harremanetan jarri ziren lau gazteak; "federatzea pentsatu genuen bada ez bada, segurua edukitzeko; erremintak ere federaziotik ekarriko dituzte" diote.

Aizkoran eta segan

Lan hauetan aurretik ibili gabeak dira laurak, eta ez dute lan erraza. Aurrena aizkoran bost kana-erdiko moztu beharko dituzte eta gero ordubete osatu arte segan egin beharko dute txanda librean nahi dutenean aldatuz. Belar kilo gehiena mozten duen bikoteak irabaziko du; 2.000 euro daude jokoan. Bikote bakoitzak sei biltzaile izango ditu.

"Egurrak ebaki eta handik hamar minutura hasiko dira biltzaileak lanean. Gero guk bukatzen dugunean beste ordulaurdena edukiko dute lanak bukatzeko" diote. Apustua ikustera joan nahi dutenek 15 euroko sarrera ordaindu beharko dute. Proba ondoren, afaria antolatu dute trikitilari eta bertsolariekin Añota sagaradotegian joan nahi duen guztiarentzat.

"Kalean larunbateko irabazlea izan daitekeenari erronka botatzen hasi dira, eta kontu honek segizioa izan dezake herrian. Apustua jokatzeko ohitura galtzear dago, kirol zaila da eta lan asko eskatzen du" diote laurek.