Animalien aldeko taldea osatu dute

Urola Kostako Hitza 2006ko mai. 10a, 12:05

Lehen batzarrean 15-20 animalia zale elkartu dira

Herrian informazioa zabaltzeko asmoa dute (Urola Kostako Hitza)

Herrian animalien eskubideen alde egiteko taldea sortzeko deialdia egin zuen Azpeitiko Zezenketen Aurkako Taldeak. Astelehenean (hilak 8) egin zuten lehen batzarra. Harrera ona izan du deialdiak, eta 15-20 lagun elkartu dira.

Joan den hilean Udalak zakurren inguruko araudi baten berri emanez eskuorriak banatu zituen buzoietan. Horren harira bildu dira animalien eskubideen aldekoak. "Bata eta bestea, kalean, eskuorri horretan jartzen dituen hainbat konturen inguruan hasi ginen hizketan. Hala, hitz egin bakarrik ez, egin ere egin behar dela iritzi genion eta elkartea osatzeko deialdia egitea erabaki genuen", dio Amaia Garmendiak.

"Herrian ere gauza asko egin daitezke animalien alde. Ekainean bilduko gara berriro eta orduan elkarte bezala erregistratzeko ordezkariak aukeratuko ditugu", azaldu du Garmendiak.

Elkartea osatuta abantailak izango dituztela diote. "Elkarte bezala Udalean hainbat eskari egiteko aukera izango dugu".

Herrian informazioa zabaltzeko asmoa ere badaukate. "Orain arte neuk eskuz egiten nituen kartelak eta halaxe kaleratzen ziren. Hemendik aurrera kartel txukunagoak egiteko asmoa daukagu. Baina gero dirua ateratzeko moduak aztertu beharko ditugu".

Informazioa izatea garrantzitsua da animalien eskubideen aldeko kontzientzia izateko. "Orain dela urte batzuk arte sokamuturrean ibiltzen nintzen, baina behin informatuta eta kontzientzia hartu nuenean utzi egin nion. Zezena ez dabil bere tokian eta soka du lepoan", azaldu du.

Alde onak eta txarrak

Joan den hilean, Udalak zakurren inguruan erabakitako arauen berri emanez eskuorriak banatu zituen etxeetara. Animalien eskubideen aldekoen ustez "alde onak eta alde txarrak" ditu.

"Zakurrak dituztenei zakurren kakak jasotzeko palak banatzen ari da Udala. Pala horiek ez dira praktikoak. Poltsan sartuta eraman behar al dira palak zakurrarekin pasiatzera irtendakoan? Ez da batere erosoa. Beste herri batzuetan kakak botatzeko edukiontziak jarri dituzte eta hori erosoagoa da. Neu ados nago zakurraren kaka jaso egin behar dela, baina neurri praktikoak hartu behar dira horretarako", uste du Amaia Garmendia animalien eskubideen aldekoak.