Konpromisoak hartu behar direla dio Habeak

Urola Kostako Hitza 2006ko mai. 9a, 16:05

"Kezkatuta" agertu dira azken asteotan hainbat ekitaldi egitea debekatu dietelako (Urola Kostako Hitza)

"Mugitzeko garaia" dela eta herrian hausnarketa zabaldu nahi du Habeak. "Euskal Herrian bizi dugun gatazka politikoa gainditzeko martxan jarri nahi den prozesuaren inguruan hausnarketa zabaldu nahi dugu. Anoetako proposamenaren haritik, hainbat eragile eta pertsonek urteetan egindako lan isilak bide berri batzuk jorratzeko aukera ireki du. Gainera, ETAk emandako su-etenak bide hori jorratzeko izugarrizko aportazioa suposatu du".

Herrietan ere lan egin behar dela iritzi dio, eta horretarako herriko eragile eta alderdi guztiek "konpromisoak hartu" behar dituztela: "Prozesuak aterabide egokia izateko denon lana eta konpromisoa beharrezkoak dira". Herria mugiaraztera bultzatuko duela esan du. Gainera, beste eragileekin elkarlanean pausoak emango dituela azpimarratu du.

Eskubideak urratuta emaitzak lortzea zaila dela adierazi du Ezker Abertzaleak: "Ezin daiteke eraiki horrelako prozesu bat hasieratik eskubideak urratzen baldin badira".

Eskubideak urratuta

Herrian "oraindik" hainbat eskubide urratuta daudela adierazi dute: "Azpeitiko presoen egoerak ez du aldaketarik izan eta senideek eta lagunek astero milaka kilometro egin behar izaten dituzte, eta errepresioak ez du etenik izan".

Azken asteotan hainbat ekitaldi egiten utzi ez dietelako ere kezkatuta daude. "Orain herria, orain bakea lelopean martxoaren 18an herrian deitutako manifestazioa debekatu egin zuen Ertzaintzak, eta herriko plaza ertzainez josita aurkitu genuen. Apirilaren 11n Batasunak deitutako herri batzarra debekatu egin zuen Ertzaintzak. Herrian horrelako debeku bat ematen den lehenengo aldia da. Azken Aberri Eguna, Udalbiltzaren deialdiari erantzunez, era bateratuan egiteko deialdia luzatu genuen Udalean, ez zen aurrera atera alkateak ez zuelako deialdian Habea sartzea onartu, legez kanpokoak garen aitzakia erabilita". Udaletxean oraindik ere baztertuta daudela diote, eta alor horretan pausoak emateko eskatu diote Udal Gobernua osatzen duten EAJ eta EAri.