Igogailua, San Inazio jaietarako

Urola Kostako Hitza 2006ko mai. 8a, 15:05
Karakolean igogailua jartzeko zuhaitzak moztu dituzte.

Karakolaren barruko zirkuloan jarriko dute, eta bi pasabide egingo dituzte

Igogailua jartzeak 307.000 euroko aurrekontua izango du (Urola Kostako Hitza)

Olazko Amaren plazatik Etxe Alai auzora igogailua jartzeko lanak egiten hasi dira karakolean. Lanek lau hilabeteko iraupena izango dutela aurreikusi dute Udaleko Hirigintza Batzordekoek. Honela, "San Inazio jaietarako igogailuko obrak bukatuta egotea nahi dugu", azaldu dute.

Etxe Alai, Arana Goikoa eta Santutxo auzoetako bizilagunentzako egingo dute igogailua. Non eta nola egin eztabaida egon zen Udalean, eta azkenean karakolean egitea erabaki zuten. Igogailua jartzeak 307.000 euroko aurrekontua izango du.

Igogailua jartzeko obra lehiaketara atera zuen Udalak, baina hutsik gelditu zen. Ondorioz, gremioka emateko erabakia hartu zuen eta halaxe egingo dute. Aurreko astean katak egin zituzten eta lurra nola zegoen aztertu zuten, eta aste honetan karakolaren barrualdeko zuhaitzak kendu dituzte, eta igogailua jartzeko obrak egiten hasteko lurra garbitu egin dute.

Gora, 11 metro

Igogailuak 11 metroko igoera egingo du, Olazko Amaren plazatik Etxe Alaira. "Kabinak 140 zentimetroko sakonera eta 110 zentimetroko zabalera izango ditu", argitu dute udaletxeko teknikoek. Beirazko estruktura edukiko du igogailuak, eta horrela barrutik kanpora eta kanpotik barrura ikusteko aukera egongo da.

Igogailua karakolaren barreneko zirkuloan jarriko dute. Igogailura sartzeko bai behean (Olazko Amaren plazan) eta bai goian (Etxe Alai auzoko 14. zenbakian) pasabideak egongo dira, "pasabideek bi metro zabal eta 15 metro luze izango dituzte. Metalarekin eta egurrarekin egindakoak izango dira".

Igogailuaren funtzionamendua (ordutegia...) nolakoa izango den oraindik erabakitzeko dauka Udalak.