Peñagarikanok 14-22 galdu du, oso ondo jokatuta

Uztarria 2006ko mai. 6a, 22:05

Irujori aurre egin dio final-laurdenean; "nire biziko partida izan da"

Azpeititik jende asko joan da Donostiara

Kepa Peñagarikanok 14-22 galdu du gaur (zapatua) Juan Martinez Irujoren aurka, Donostian, Atano III.an Buruz buruko Pilota Txapelketako final-laurdenean. Partida handia jokatu ondoren, baina. "Nire biziko partidarik onena jokatu dut", esan du berak. "Uste dut hauxe dela jendeak nitaz espero duena eta ea hemendik aurrera horrela aritzen naizen".

Neurketa hasi eta Irujo nagusi: 1-7. 3-10 ondoren. Peñagarikanok, ordea, oso ondo jokatu du, seguru, eta 7-10 jarri da. Irujo 8-18 ipini da, 12-19 gero, 14-22 bukatuz.

Azpeititik jende asko joan da Donostiara, Peñagarikano animatzera. Ez zaio ahaztuko aurtengo txapelketa pilotariari, gaur Irujo handiaren kontra bikain jokatzeaz gain, aurretik lau pilotari utzi dituelako kanpoan (Iñaki Esain, Enrike Galarza, Oskar Lasa eta Yves Salaberri Xala).

Irujok maiatzaren 21ean jokatuko du finalerdia, Ruben Belokiren kontra (atzo 22-1 nagusi Patxi Ruizen aurka).

(Partidari buruzko artikulua Berria egunkarian)

Inkestako emaitzak

Azkeneko egunetan Inkesta atalean galdera hau egon da uztarria.com-en: "Peñagarikanok irabaziko al dio Irujori?".

Erantzunak (75) hauek izan dira:
Bai %36 (27).
Ez %64 (48).