Jon Arozena: "Lesio asko izan ditut, eta niretzat ez da oso denboraldi ona izan"

Urola Kostako Hitza 2006ko mai. 5a, 09:05
Jon Arozena.

Jon Arozenak saskibaloia utzi egingo du, eta larunbatean (hilak 6) jokatuko du azken partida Lan Mobel Iraurgi taldearekin (Urola Kostako Hitza)

Jon Arozena (Azpeitia, 1974) 19 urterekin hasi zen saskibaloian jokatzen. Larunbatean jokatuko du saskibaloiko azken partida EBA Ligako Lan Mobel Iraurgi saskibaloi taldearekin, Pielagosen aurka, 19:00etan, kiroldegian. Gero, saskibaloia utzi egingo du, baina ez guztiz,"Iraurgi Saskibaloi Elkartean ematen didaten lanari helduko diot". Hiruko bat sartuta utzi nahi dio jokatzeari eta larunbatean horretan saiatuko da. "Lehen taldekide izandako Kepa Ibartzabalekin afari baten apustua eginda dut, hiruko bat baietz sartu", dio.

Noiztik zabiltza saskibaloian?

.19 urterekin hasi nintzen. Lehen Herri Mailako Saskibaloi Txapelketa izaten zen Betharrametan, Iraurgi Saskibaloi Elkarteak antolatuta. Itsasi Dantza Taldetik saskibaloi taldea osatzen genuen, eta han jokatzen nuen nik. Gero, Jose Luis Zubizarreta Xubi-k deitu zidan, Iraurgi Saskibaloi Elkartean 23 urtez azpikoen talde bat osatu nahi zutela eta. Horrelaxe hasi nintzen.

19 urte ez al da berandu?

Bai, baina aurretik pilotan ere ibiltzen nintzen eta erremontean ere pare bat urtean jokatu nuen. Saskibaloirako afizioa beti izan dut baina...

Orain saskibaloia utzi egingo duzu. Zergatik?

Adinean aurrera nihoalako eta gorputzak bale esan didalako, lesio asko... Gehienbat horregatik utziko dut.

Saskibaloia erabat utziko al duzu edo saskibaloiaren inguruan lanean jarraituko duzu?

Iraurgirekin lotuta jarraitzeko asmoa daukat: txikiak entrenatzen, zuzendaritzan... Toki askotan dago egiteko lana, eta Iraurgi Saskibaloi Elkarteak jartzen nauen tokian jardungo dut lanean.

Zer eman dizu saskibaloiak?

Gustatzen zaidan kirola egiteko aukera eman dit. Lagun asko ere bai, baita aurkariren bat edo beste ere.

Eta Iraurgi Saskibaloi Elkarteak?

Jende pilo batekin hartu-emana edukitzeko aukera, azken finean familia txiki bat osatzen baitugu. Urte askoan jorratutako hartu-emana izan da.

Saskibaloiak zerbait kendu al dizu?

Denbora: lagunekin egoteko, sagardotegirako irteeraren batzuk, tailerreko afariak... Baina azkenean konpentsatzen du, eta horregatik egin ditut hainbeste urte.

Azken denboraldi honetan EBA Ligan jokatzeko aukera izan duzu Lan Mobel Iraurgi saskibaloi taldearekin. Hori zer izan da zuretzat?

Saskibaloia aurreko denboraldian uzteko asmoa nuen, baina mailaz igo ginen eta EBA Ligan jokatzea historikoa bezala zen. Orduan beste denboraldi bat jokatzea erabaki nuen. EBA Ligan jokatzea esperientzia oso polita izan da: kanpoan jokatzea, Galiziara joatea, asteburuak han egotea, hotelean lo egitea... Orain arte ohituta geunden horretatik desberdina izan da. Probatzeko gogoa neukan eta beste esperientzia bat izan da. Nahiz eta pertsonalki ez oso denboraldi ona izan, lesio asko eduki ditudalako eta taldeari ezin izan diot nahi adina lagundu.

Lan Mobel Iraurgi taldeko kapitaina zu zara. Ardura handia al da?

Ez, ez da ardura handia. Sinbolikoa da kapitaina izatearena, jendeak adarra jotzeko balio duen kontua da.

Taldekideak beti azpimarratu izan duzue jokalarien arteko giro ona. Hori horrela al da?

Bai, bai oso giro ona eduki dugu beti gure artean. Horrenbeste urtean saskibaloian aritzeko arrazoietako bat horixe izan da, azken finean beste lagun koadrila bat baita, lagun asko egin ditut eta oso lagun onak gainera.

Aurtengo denboraldia nolakoa izan da?

Hasieran ondo hasi ginen, partidak irabazten. Geuk uste baino hobeto hasi genuen. Gero, ordea, bigarren itzulian partida batzuk galtzen hasi ginen eta horri bueltarik eman ezinda jardun gara. Mailari eutsi artekoa oso luzea izan da.

Zaletuen babesa ere hortxe izan duzue.

Denboraldi honetako gauzarik onenetakoa zaletuen babesa izan da. Hemen bezalako afiziriorik inon ez dago, hori kanpora joan garenean halaxe dela ikusi dugu. Zaletuak hamabostean behin hemen jokatzen genuen bakoitzean gurekin egon dira. Bai irabazi edo bai galdu hor izan ditugu beti. Nahiz eta askotan guk arrazoi askorik ez eman gu animatzeko, hortxe izan dira. Alde horretatik txapela kentzekoa da dugun afizioa.

Elkarteak ere lan handia egin du saskibaloirako zaletasuna suspertzeko.

Hori horrela da, lan handia egin du Elkarteko zuzendaritzak, eta egiten ari da oraindik ere. Inoiz baino haur gehiago dabil eskolarteko saskibaloi txapelketan, teknifikazio eskolan... Aurrera begira ere lan piloa dago egiteko eta gogoa dago lanerako.

Di-da batean

Saskibaloiko jokalari bat?
Audie Norris.
Saskibaloiko talde bat?
Iraurgi.
Entrenatzaile bat?
Santi Etxaniz, Pattana.
Partida bat?
Iaz, EBA Ligara igotzea lortu genuenekoa eta Azpeitian jokatu genuen partida.
Une gozo bat?
Asko izan dira. Bat esatekotan, iaz Zaragozan irabazi eta igoera bermatu genuen. Etxerako buelta autobusean gozoa izan zen.
Eta txarra?
Orain dela lau urte Final Four galdu eta EBAra igotzeko aukera galdu genuenekoa. Gogorra izan zen, baina hiru urte pasatuta lortu dugu.
Saskibaloia ez den beste kirol bat?
Pilota.
**Irujo-Peñagarikano emaitza?**
22-21. Peñagarikanok irabazita. Herrikoa dugu eta.