Lagun Onak-eko neskak, mailaz igotzeko borrokan

Urola Kostako Hitza 2006ko api. 27a, 17:04
Alaitz Badiola, Lorea Landa eta Kristina Fernandez Lagun Onakeko jokalariak.

Larunbatean (hilak 29) Arrasateren aurka "partida garrantzitsua" jokatuko dute (Urola Kostako Hitza)

Lagun Onak Futbol Klubeko nesken lehen taldeak mailaz igotzeko aukerak baditu, eta hori lortzeko borrokan ari dira, aurtengo denboraldiko azken partidetan.

Erregional mailako nesken taldeak, larunbatean (hilak 29) Arrasaten partida "garrantzitsua" jokatuko du hango taldearen aurka, 16:30ean. "Orain igoera fasea jokatzen ari gara, gu gure fasean aurrenak gaude eta gure atzetik, bigarren eta puntu batera, Arrasate dago. Larunbatean irabazten badiogu lau punturen aldea aterako diogu. Fasea bukatzeko bost partida falta zaizkigu eta larunbatean irabaztea inportantea da. Espainiako Ligara igotzeko finala jokatzeko aukerak ematen dizkigulako", dio Alaitz Badiola (Azpeitia, 1981) Lagun Onak-en atzelari postuan jokatzen duenak.

"Gure asmoa mailaz igotzea da, eta horretara goaz. Igotzeko gogoarekin ari gara jokatzen eta azken partidetan antzematen da", dio Lorea Landa (Azpeitia, 1978) erdilariak. Kristina Fernandez (Azpeitia, 1982) ere erdilaria da, eta bat dator Landarekin, "gurea talde nahikoa gaztea da eta aurrera begira ari gara lanean. Orain beheko nesken beste talde bat ere badago eta futbolean beste amets batzuk egiteko aukera dago".

Badiola, Landa eta Fernandez Lagun Onakeko nesken erregional mailako futbol taldean urte gehien daramatzaten jokalariak dira, "beteranak" beraien hitzetan. Landa esaterako, Lagun Onaken nesken taldea osatu zenetik dabil futbolean. "Garai hartan asmo bakarra nesken taldea sortzea izan zen eta ordutik garai desberdin asko ezagutu ditu nesken futbol taldeak. Garai hartan futbolean ari ginen nesken ilusio bakarra selekzioan jokatzea zen. Baina gaur egun goragoko futbol taldeetan jokatzeko aukerak ere hortxe daude", dio Landak.

Gaur egun Lagun Onak Futbol Klubeko nesken taldea "egoera onean" dagoela diote futbolariek. "Belaunaldi berri bat dago, 14-15 urtekoena. Bost gara beteranak taldean eta beste guztiak gazteak dira, hauentzat ere mailaz igotzea motibazioa da. Ondo gaude futbol zelaian, ordutegia dugu eta zelai on batean jokatzen dugu".