Artea zozketan Boliviako umezurtz-etxe bat laguntzeko

Uztarria 2006ko api. 21a, 16:04
Aurten zozketatuko duten koadroa, Diart arte estudioko erakusleihoan dago ikusgai.

Laugarren urtez Diart arte estudioko ikasle eta irakasleek antolatu dute zozketa

Maiatzaren 30ean emango dute jakitera zenbaki irabazlea zein den

Diart arte estudioko ikasle eta irakasleek zozketa bat jarri dute martxan Boliviako ‘Hogar Niños de Santa Cruz de la Sierra’ umezurtz-etxeko haurrei laguntzeko asmoz. "Aurten laurren urtez egingo dugu zozketa. Ikasleen artean gaia eta kuadroa nork margotuko duen erabakitzen dute. Gero margotu eta errifak salduta, koadroa zozketatzen dugu", dio Diego Cruz irakasleak.

Egitasmoa orain lau urte hasi zuten. "Umezurtz-etxe hau Bolivian dago, eta bertako berri udan kooperante joaten den ezagun baten bidez jakin genuen. Haien egoera ezagututa dirua lortzeko bide egokia iruditu zitzaigun koadro bat zozketatzea", dio Cruzek.

Urtero ikasle ezberdin baten lana jartzen da zozketan errifa bidez. Errifa bakoitzak euro bat balio du. Aurtengo artelanak itsasoa du gaitzat eta maiatzaren 30ean emango dute jakitera zenbaki sariatu zein den.

Egindako aurreikuspenen arabera, ekimen honen bidez 3.000 euro lortuko dituzte. Diru hori gero ‘Hogar Niños de Santa Cruz de la Sierra’ umezurtz-etxera bidaliko dute antolatzaileek. Orainarte egin izan dituzten ekarpenak arropak, telebista bat eta umezurtz-etxeko haurrentzako oinarrizko beharrak betetzeko erabili dituzte.