Teniseko eta padeleko ikastaroak maiatzetik aurrera

Uztarria 2006ko api. 19a, 15:04

Garmendipeko kirol gunean emango dira

Adin ezberdinetako jendearentzako ikastaroak antolatu dituzte

Azpeitiko Udal Kirol Patronatoak teniseko eta padeleko ikastaroak antolatu ditu. Ikastaro hauek maiatzetik aurrera jarriko dira martxan Garmendipeko kirol gunean.

Padeleko ikastaroak, 10 eguneko iraupena izango dute eta astelehenetik ostiralera 17:30ean, 18:30ean eta 19:30ean emango dira. Maiatzean, hilaren 8tik 19ra bitartean emango da lehen ikastaroa. Ekainean, berriz, 5etik 16ra bitartean. Ikastaro hauek 16 urtetik gorakoentzako dira eta talde bakoitza lau lagunek osatuko dute. Prezioari dagokionez, kirol patronatuko bazkideek 60 euro ordaindu beharko dituzte. Aldiz bazkide ez direnek 100 euro.

Tenisa uztailean ere bai

Teniseko ikastaroen eskaintza padelekoa baino zabalagoa da. Izan ere, maiatzean eta ekainean antolatzeaz gain, uztailerako ere antolatu dituzte tenis ikastaroak.

Maiatzean eta ekainean goizetan eta arratsaldetan egongo dira. Goizetan, astearte eta ostegunetan 10:00etatik 11:00etara izango dira. Arratsaldetan, berriz, astelehen, asteazken eta ostiraletan 17:30ean, 18:30ean eta 19:30ean. Talde bakoitzean 10 lagun egongo dira gehienez eta adinaren arabekoak izango dira; 7-14, 15-18, 19-35 eta 35 urtetik aurrekoentzat. Goizetakoa, bazkideei 35 euro kostatuko zaie eta bazkide ez direnei, 60 euro. Arratsaldekoak 48 euro balio ditu bazkideentzat eta, 80 euro bazkide ez direnentzat.

Uztaileko tenis ikastaroei dagokionez, 10 eguneko iraupena izango dute, eta aste barruan emango dira. Ordutegi zabalagoa dute; 10:00etan, 11:00etan, 12:00etan, 16:00etan, 17:00etan, 18:00etan eta 19:00etan. Talde bakoitzean 10 lagun egongo dira gehienez eta adinaren arabekoak izango dira; 4-6 urte, 7-12 urte, 13-15 urte, 16-21 urte eta 22 urtetik gorakoentzat. 18 urtetik beherako bazkideentzat 40 euro balioko dute eta bazkide ez direnentzat 70 euro. 18 urtetik gogorakoek 50 euro ordaindu beharko dituzte eta ez direnek 85 euro.