Hazparnen bai

Uztarria 2006ko api. 11a, 14:04
Azpeitiarrak plazan, 1999ko Aberri Egun bateratuan.

Aberri Egun bateratua egingo dute hainbat gaztek deituta

Azpeitian 1999an baino ez zen egin elkarrekin

Azkeneko albistea (hilak 12, 20:00): Ezker abertzalearen Udalbiltzak deituta, kontzentrazioa 16an 12:00etan plazan

Igande honetan izango da Aberri Eguna (hilaren 16an) eta Hazparnen bai (Azpeitiarekin senidetuta dago 80ko hamarkada hasieratik) gazte talde batek Aberri Egun "askotariko, bateratu eta herrikoia" antolatuko du herrian. Hazparneko indar politikoetako kideak, sindikatuetakoak eta bestelako mugimenduetakoak dira sustatzaileak eta esan dute ekimen hori ez dutela bultzatu indar politiko eta mugimendu ezberdinetako ordezkari gisa, maila pertsonalean baizik. "Gure alderdi eta mugimenduak ez dira kontsultatuak izan, eta, beraz, ez dute deus ikustekorik proiektu honekin".

Izturitzeko Cecile Etxart (ABko boto-emailea), Heletako Olivier Bibens (Batasuneko boto-emailea), Beskoitzeko Mattin Olçomendy (Segiko kidea), Makeako Mikel Funosas (ESAITeko kidea), Aiherrako Thierry Mirande (LAB sindikatukoa), Hazparneko Maialen Amestoy (Demo taldeko sostengatzailea), Izturitzeko Jon Oihenart (Artean presoen sostengu komiteko kidea), Hazparneko Katti Pochelu (Gaztetxeen kolektibokoa), Aiherrako Herve Parachou (ELBkoa) eta Aiherrako Ramuntxo Christyk (independentea) egin dute deialdia.

"Guretzat Aberri Eguna ezin da alderdien eta zatiketaren eguna izan", esan dute. "Urte osoan bakoitzak gure alderdian edo mugimenduan lan egiten dugu; urtean behin, elkarrekin, batzen gaituen aberria ospatu nahi dugu: Euskal Herria". Hala, Nazio Garapenerako Biltzarrak (NGB) eginiko deiari erantzun nahi izan diote.

Aberri Egunerako leloa ere aukeratu dute: Euskal Herria, nazioa. Eta herritarrei dei egin diete egun horretan etxeetan ikurrina jar dezaten. Egitaraua honakoa da: 13:00etan aperitifa, 14:00etan bazkaria, 17:00etan ekitaldia eta 18:00etan erromeria.

Azpeitian Lizarra-Garazi garaitik ez da Aberri Egun bateraturik antolatu. 1999an egin zen ekitaldi hura (argazkian). Orduan, besteak beste, EAJ, EH eta EA alderdiek Euskal Herri osorako deia egin zuten, udaletxe aurrean kontzentratzeko, eta Azpeitian hala egin zuten. 200 bat lagun bildu ziren plazan, eta alderdi horietako zinegotziek ikurrina altxatu zuten eta idatzi bat irakurri.

"Indarkeriaren arazoa"

Julian Eizmendi Azpeitiko alkatea da EAJ eta EAren Udalbiltzako lehendakaria eta orain dela hilabete Berria egunkarian egin zioten elkarrizketan esan zuen Aberri Egun bateratua egiteko "arazoa" ETAren indarkeria zela. "Aberri Egun bateraturako aukerarik ez duzu ikusiko orduan?", zen 'Berria'-ren galdera. Eizmendik: "Arazo hori dago gure ikuspegitik (ETAren indarkeria). Gustatuko litzaiguke, baina hemen mahaiak osatzea da garrantzitsuena. Zeinek pentsatzen du mahai horiek osatuko direnik aldez aurretik ETAk egin beharreko urratsak egiten ez baditu. Batik bat ETAk. Besteok ere egin behar ditugu eta egingo ditugu, baina batik bat ETAk eman behar du pausoa". Martxoaren 24tik su-eten iraunkorrean dago ETA.

Azkeneko albistea (hilak 12, 20:00): Ezker abertzalearen Udalbiltzak deituta, kontzentrazioa egingo da Aberri Egunean Azpeitian ere, plazan, 12:00etan.