Mireia Epelde: "Emakumeentzako gero-eta lasterketa eta laguntza gutxiago daude"

Urola Kostako Hitza 2006ko api. 5a, 11:04
Mireia Epelde, iaz, lasterketa batean hirugarren egin ondoren.

Mireia Epelde Fonorte taldeko txirrindulari azpeitiarrak asteburuan du denboraldiko lehen lasterketa (Urola Kostako Hitza)

Mireia Epelde (Azpeitia, 1985) txirrindularia Heziketa Fisikoko Magisteritza ikasten ari da Gasteizen, eta bertan entrenatzen du astegunetan. Bakarrik entrenatzen du. Elite mailan dabil gaur egun, Bizkaiko Fonorte taldean. Asteburuan aurtengo denboraldiko lehen lasterketa korrituko du, Gironan (Herrialde Katalanak).

Nola hasi zinen bizikletan?

Txiki-txikitatik beti izena ematen nuen eskola kiroletan, futbolean, saskibaloian... Behin Azkoitiko Elorza PeƱakoak etorri ziren, hor ere izena eman nuen eta horrelaxe hasi nintzen. 12 urte nituen orduan.

Harrezkero zer moduz joan zaizu?

Infantiletan mutilekin hasi nintzen korritzen, neskentzako karrerarik ez dagoelako. Hasieran kostata bukatzen nituen lasterketak. Baina bigarren urtea bukatu zenean, gustura. Mutilekin egin nuen azken karreran laugarren egin nuen. Gero, kadeteetan Azpeitian hasi nintzen Lagun Onak Txirrindulari Elkartean. Urtebete egin nuen han. Orduan lasterketak neskenak ziren. Ondoren, Bizkaiko nesken talde batera pasatu nintzen eta harrezkero talde horretan nago. Orain arte Sabeco zen, baina orain laguntzailea aldatu du eta orain Fonorte da.

Zure ustez zergatik dabil neska gutxi txirrindularitzan?

Neskak, batik bat eskola kirolean taldekako kiroletan ibiltzen dira, lagun koadrila elkartu, izena eman eta denen artean ondo pasatzen dute. Baina behin maila batetik aurrera eta gainera bizikletan, bakarkako kirola da, nahiz eta gero konpetizioan taldean aritu. Txirrindularitzak egunero-egunero eskatzen du sakrifizioa, eta gainera bakarrik egin behar duzu. Ez dakit, baina agian horrek ere atzera egitera bultzatzen du eta beste kirol batzuetan hasten dira. Gainera, ikusita txirrindularitzan gaur egun zer nolako egoeran dagoen, egoerak ez du asko bultzatzen kirol hau egitera.

Gaur egun dagoen egoera diozu. Zergatik?

Emakumeen gero eta lasterketa gutxiago daudelako, gero eta laguntza gutxiago. Gero eta zailagoa da, eta Federazioak ere, ez du ezer egiten karrerak antolatzeko. Gauzak egiteko gogoa behar da eta jendeak hori falta du.

Euskal Herrian lau edo bost lasterketa izango ditugu aurten, horietatik Gipuzkoan bakar bat ere ez dugu korrituko. Gipuzkoako txapelketa orain dela bost urte egin zen azkena, eta Euskadiko txapelketa, Gipuzkoan azkena, orain dela sei urte egin zen, Legazpian izan zen.

Nolakoak dira zure entrenamenduak?

Astean zazpi egunetan entrenatu behar da, ez dago jai egunik. Batzuetan gogo gehiago edukitzen da, eta besteetan gutxiago, hori betikoa da. Bi ordutik behera sekula ere ez. Denboraldi hasieran karrerak hasi gabe daudenean entrenamenduak gogorragoak izaten dira, ordu gehiagokoak. Orain fondo pixkat hartuta motzagoak egiten ditut.

Txirrindularitzatik bizitzea zaila da, ezta?

Oso zaila. Munduko onena izanda ere oso-oso zaila da. Inork ez du dirurik jartzen. Txirridularitzatik bizitzeko aukera gutxi daude eta nesken kasuan zer esanik ez. Bi eskuko hatzekin kontatzeko adina neska daude txirrindularitzatik bizi direnak. Hortik bizitzea nahi izanez gero, dena utzi behar da, eta gainera kanpora joan beharra dago, hemen talderik ez baitago.

Asteburuan duzu aurtengo denboraldiko lehen lasterketa, Gironan. Denboraldi honetarako zein helburu finkatu dituzu?

Nire entrenadorearekin-eta pixka bat hitz egin dut, eta aurten entrenatzeko moduak dauzkagula-eta europar mailan sartzen saiatuko gara.

Di-da batean

Txirrindulari bat aukeratzekotan?
Alexandro Petachi.
Neskatan?
Joane Somarriba. Ezagutzen dut, eta bai pertsonalki eta bai kirolari bezala asko balio du.
Lasterketa bat? Bira.
Gogoan duzun garaipen bat?
Pistako Espainiako Txapelketa, 2002an korritu nuena.
Entrenatzeko ibilbide bat?
Edozein.
Entrenatzeko ordu bat?
Goizeko hamarrak.