Kepa Peñagarikano buruz buruko txapelketan aurrera

Uztarria 2006ko api. 4a, 16:04

Beizamako pilotariak ausart jokatu zuen, berarentzat "oso garrantzitsua" zen partidan

Igandean, apirilaren 9an, Oskar Lasaren aurka jokatuko du Bergaran (Berria)

Kepa Peñagarikanok buruz buruko txapelketan aurrera jarraitzen du, atzo, astelehena, Tolosako Beotibarren Enrike Galarzari 22-18 irabazi ondoren.

"Oso partida garrantzitsua zen niretzat. Manomanistak asko esan nahi du niretzat; partida gogorra jokatu genuen" dio Peñak. Kepa Peñagarikanok atzo partida jokatu ahal izateko, aurretik "Iñaki Esaini irabazi":http://www.uztarria.com/albistiek/1143545856 behar izan zion aurreko astean. Peñagarikanok ausart jokatu zuen Galarza V.aren aurka; "Esainen kontra ez nuen arriskatu, atzoko partidan dejadak egiteko aukera gehiago izan nuen eta gehiago arriskatu nintzen" dio Beizamako pilotariak.

Kepa Peñagarikanok eta Enrike Galarzak buruz buruko lehen faseko partidarik politena jokatu zuten. Sakean eta piloteoan ondo aritu zen Peña, eta dejadak erraz botatzen zituen. Lau tantoko aldearekin nagusitu zen Peñagarikano.

Atzoko garaipenari esker, Peñagarikanok Oskar Lasaren aurka jokatuko du igandean, apirilaren 9an, Bergaran. "Lasa beteranoa da manonamistan. Urteekin kolpea bajatu zaio, baina defentsa handia dauka. Ni aspaldiko sasoirik onenean nago eta saiatu egin behar dut".