137 aparkaleku jarri ditu salgai Udalak Soreasun

Urola Kostako Hitza 2006ko api. 1a, 15:04

Kultur gunearen lur azpiko aparkalekuak bi solairu eta guztira 267 aparkaleku izango ditu

Lanak 3.255.219 euro kostatuko dira (Urola Kostako Hitza)

Soreasuko kultur gunearen azpian autoentzako lur azpiko 267 aparkaleku egingo ditu Udalak, bi solairutan banatuta. Bigarren solairuan egingo dituzten 137 aparkalekuak salgai jarri ditu Udalak.

Martxoaren 23an, alkateak emandako dekretu bidez, Soreasun egingo den kultur gunearen azpian garaje eta trastelekuak eraikitzeko proiektuak jasotako lanak kontratatzea erabaki zen. Egitasmoaren arabera, lur azpiko aparkalekuak bi solairu izango ditu. Lehenengoan, erabilera rotatiboko 130 aparkaleku egongo dira, eta bigarren solairuan, salgai jarriko dituen 137 (horietatik 24k trastelekua ere edukiko dute). Aparkalekuen proiektua egiteko lanak 3.255.219 euroan (BEZ barne) emango ditu Udalak.

Udalak oraindik ez du erabaki lehen solairuko aparkalekuak zer nolako funtzionamendua edukiko duen.

Alde zaharrekoentzat

Bigarren solairuan egongo diren 137 aparkalekuak salgai jarri ditu Udalak. Aparkaleku horien eskaintza alde zaharreko (Soreasu, Madalena, Erdi kalea, Eliz kalea, Enparan kalea, Santiago kalea, Txaribar, Plaza Txikia eta Herriko Plaza) merkatariei, ostalariei eta etxejabeei zuzenduta dagoela adierazi du.

Garajea, edota garajea eta trastelekua (24 aparkaleku izango dira trastelekuarekin) erosteko aukera izango dute alde zaharrekoek, "horko etxe gehienek garagerik eta trastelekurik ez dutenez, garajea erosteko aukera emango zaielako. Gainera, alde zaharra oinezkoentzat bilakatzea bultzatuko da Soreasun egingo diren lur azpiko aparkalekuekin".

Autoa aparkatzeko toki bat erostea 15.000 euro (BEZ barne) kostako da, eta aparkalekua eta trastelekua 18.000 euro (BEZ barne). Ordaintzeko modua ere zehaztu du Udalak: kontratua sinatu orduko %10 ordaindu beharko da; hormigoizko lanak bukatzen direnean, berriz, %40a; eta gainontzekoa aparkalekuaren eskriturak egiten direnean.

Soreasuko kultur gunearen azpian egingo dituzten lur azpiko aparkalekuren bat erosteko interesa dutenek Azpeitia Lantzenen (Sindikatu Zaharrean dago) eman behar dute izena, apirilaren 30a baino lehen. Horretarako 943 157183 telefono zenbakira deitu beharko dute.

Datorren astean, alde zaharreko etxebizitzetara, merkataritzako dendetara eta tabernetara aparkaleku horien inguruko informazioa emanez esku-orriak banatuko ditu Udalak.