Larunbatetan ere Udal Liburutegia ireki egingo dute

Urola Kostako Hitza 2006ko mar. 28a, 12:03

Gaur egun 14.962 dokumentu daude: helduen atalean sailkatuta 10.796, eta haur eta gazteenean 4.166

Maiatzean multimedia zerbitzua jarri nahi dute Udal Liburutegian (Urola Kostako Hitza)

Udal Liburutegia larunbatetan ere ireki egingo dute 10:00etatik 13:00etara bitartean; uda garaian izan ezik. Gainera, abuztuan bigarren hamabostaldian ere zabalik egongo da. Lehen abuztu osoan itxia egoten zen.

"Azkenaldian Udal Liburutegian egin diren aldaketek bere ondorioak ekarri dituzte", diote liburutegiko arduradunek. Maiatzean teknikari berri bat hasi zen lanean eta, ondorioz, hainbat lan egin ahal izan dituzte: "Liburutegiko dokumentu guztiak berraztertu ditugu, eta zaharkituta zeudenak kendu egin dira. Bide batez, arlo guztietako dokumentuak eguneratu egin dira, liburu berriak sartuz". Gaur egun 14.962 dokumentu daude Udal Liburutegian: 10.796 helduen atalean, eta 4.166 haur eta gazteenean.

Haur eta gazteen guneko dokumentuak ere eguneratu egin dituzte, "gainera, aukera erraztearren adinari dagokion erakusgailuak jarri dizkiegu".

Multimedia zerbitzua

Maiatzean multimedia zerbitzua jarri nahi dute Udal Liburutegian, "batik bat dibulgazioari zuzendutako CD, DVD eta bideoak eskuratu ahal izango dira. Gaur egun liburuek duten mailegu zerbitzu berdina izango dute horiek ere". Multimedia zerbitzua,haur eta gazteen gunearen ondoan jarriko dute.

Ordutegia

Neguan
Astegunetan. 10:00etatik 13:00etara eta 16.00etatik 20:00etara.
Larunbatetan. 10:00etatik 13:00etara.

Udan
Astegunetan. Ekainaren azken astean, uztailean eta abuztuan bigarren hamabostaldian 08:30etik 13:30era. Arratsaldez, itxita.