Alberto Juzdado: "Adiskidetasun lotura dut Maratoi Erdiarekin"

Urola Kostako Hitza 2006ko mar. 24a, 11:03
Diego Garcia, Martin Fiz eta Alberto Juzdado, Helsinkiko Europako Txapelketan, 1999an.

Diego Garcia lagunaren oroimenezko lasterketan parte hartuko du aurten ere Alberto Juzdadok

Antolatzaileek esker ona adierazi nahian, omenaldi xumea egingo diote proba aurretik lasterkari madrildarrari (Urola Kostako Hitza)

Alberto Juzdado (Madril, 1966) XIII. Azkoitia-Azpeitia Maratoi Erdiaren irteeran izango da larunbatean. Aurten, antolatzaileek esker ona adierazi nahi izan diote, eta lasterketaren kartelean bere irudia jartzeaz gain, omenaldi xumea egingo diote proba hasi aurretik.

Zenbat aldiz parte hartu duzu Azkoitia-Azpeitia maratoi erdian?

Uste dut zortzigarren aldia dela. Etorri ez banaiz, Espainiatik kanpo nengoelako izan da, baina ahal izan dudanean beti etorri naiz Euskal Herrira.

Gustukoa al duzu proba?

Adiskidetasun lotura dut probarekin. Antolatzaileen eta Diego Garcia zenaren laguna naiz, eta ahal dudanean beti etortzen naiz.

Nola bizi ohi duzu lasterketa eguna?

Egun bat lehenago etortzen naiz, kirolariekin eta lagunekin lasai egoteko. Egunean bertan lasterka atera eta hurrengo egunean Diego Garciaren oroimenezko mezara joaten gara, eta familiarekin egoten naiz, familiako beste bat bezalaxe.

Gainerakoan, Azkoitira etortzeko ohiturarik ba al duzu?

Donostian nagoenean beti saiatzen naiz Azkoitira joaten, Diegoren familiarekin eta lagunekin egotera.

Larunbatean omenaldia egingo dizute. Nola sentitzen zara?

Ondo, antolatzaileek orain dela gutxi eman didate berria eta esan diet gauza handirik ez egiteko, horrelakoek urduri jartzen naute eta. Inportanteena, egun ona izatea da, lasterketan ondo pasatzea eta omenaldi bat egiten badidate atseginez hartuko dut eta eskerrak emango dizkiet, han egoten laguntzeagatik eta Euskal Herrian zuetako beste bat bezala sentitzen laguntzeagatik.

Azkoitia-Azpeitia Maratoi Erdia oso errotuta dago eta proba garrantzitsua da egutegian. Zure ustez, zergatik iritsi da maila horretara?

Nik uste dut antolatzaileen lanari esker eta hauek duten laguntzari esker iritsi dela dagoen lekura. Eta lasterketan parte hartzen dugun kirolariek ere egiten dugu proba handia. Iaz Espainiako maratoi erdiko markarik onenetako bat egin zen bertan, lasterketako bigarren marka onena izan zen eta pixkanaka gorakada izaten ari da. Denok lagundu dugu gure neurrian Espainiako probarik garrantzitsuenetakoa izateko. Atletismoari bizi pixka bat eman behar diogu, bestela futbolak dena jaten du eta. Gure kirolarentzat lekua ere izan behar da, eta horrelako ekitaldiak antolatzen dituztenek sekulako lana egiten dute atletismoaren alde.

Herri mailako lasterketak ere gero eta garrantzi handiagoa du.

Afizionatuak ere asko prestatzen dira. Egia da herri mailako korrikalaririk gabe elitekoak ez garela ezer. Denen batuketa da eta 1.000 lasterkari dituen lasterketa bat inportantea da. Nik uste dut oso ondo dagoela horrelako ekitaldiak antolatzea.

Lehia handiko proba izango omen da larunbatekoa. Zu zeu zein asmorekin zatoz?

Nire asmoa 1:04 azpitik egitea da. Badakit afrikarrak probako marka hobetzera datozela. Nire sasoirik onenean, saiatuko nintzateke, baina gehiegi da niretzat. Hala ere, ondo korritzen saiatuko naiz, duintasunez, egun ona pasatzeko.