ETAk su-etena eman du

Uztarria 2006ko mar. 22a, 13:03
ETAko kideak, su-eten iraunkorra iragarri duten agerraldian.

Su-etena iraunkorra da (martxoaren 24tik), "prozesu demokratiko bat" eramateko aurrera

Azpeitiko eragileen erreakzioak uztarria.com-en

Bihar gauerditik aurrera (martxoaren 24ko 00:00tik) ETAk su-eten iraunkorra abiatuko du. "Prozesu demokratiko bat” eraman behar da aurrera Euskal Herrian, ETAk agirian esan duenez, eta prozesu hori bultzatzea litzateke “ekintza armatuen etenaldi iraunkorraren” helburua. Prozesu hori amaitzeko etorkizunari buruzko “hitza eta erabakia” euskal herritarrek behar dutela nabarmendu du ETAk.

Informazio gehiago: Berria Gara El Pais

Azpeitiko eragileen erreakzioak

Julian Eizmendi (Azpeitiko alkatea eta Udalbiltza-Udalbideko lehendakaria): "Zorionekoa eta pozgarria da. Bai bakebiderako eta bai normalizaziorako garrantzitsua da ETAren su-etena. Egoera honetan, horrenbesteko itxaropena dagoen une honetan, aurrera egiteko pauso inportantea da, bi mahai horiek osatzeko, bakerako eta normalizaziorako. Orain gainontzeko guztiok aurrerapausoak eman beharko ditugu bi mahai horiek osatzeko".

Aitzol Iparragirre (Azpeitiko Udalean Habeako hautetsia): "Gauzak lasai hartu eta aztertu egin behar dira, ez da euforismoan erortzeko unea. Oraingo hau arduraz jokatzeko garaia da".

Manuel Unanue (Azpeitiko Udaleko EAko bozeramailea): "Hobe izango zen atzo gaur baino, eta azkena izan dadila. Pausoak ematen ari dira eta hau beste bat da, baina aurrerantzean ere pauso asko eman beharko dira eta bidean tentsioak egongo dira. Batzuk hausten saiatuko dira, eta bidean gainditu beharreko oztopoak egongo dira".

Ramon Etxezarreta (Urrestildarra eta Donostiako Udaleko PSE-EEko kultur zinegotzia): "Nik ez daukat hitzik, une honetan negarrez ari naiz. Asko esperotako su-etena izan da".

Manoli Uranga (Azpeitiko Udaleko PSE-EEko zinegotzia):"Ea benetakoa den su-eten hau. Ez da itxaropenik galdu behar, su-eten honekin denok irabazi behar dugu. Bada garaia gauzak normalizatzen hasteko eta denok berdintasunean bide normalizatu bat egiteko".

Azpeitiko Batasuna. Azpeitiko Batasunaren ustez, "berri pozgarria izan arren" ardura politikoak dituzten alderdiek "iraurketa sakona egin behar dute", aurrera begirako konpromezuak hartzeko. Azpeitiko Batasunako kideek gaurtik larunbatera bitartean ezker abertzaleko mugimendu ezberdinekin bilerak egingo dituzte. Bilera horietan adosten denaren ondorio izango da, larunbatean Habeak deitutako Arau Ordezkatzaileen Batzarraren ondoren ezagutzera emango den agiria.

Julia Tercero (Azpeitiko Udaleko PPko zinegotzia): "Su-eten hau erabateko deskonfiantzarekin hartu dut, ez da zehatza. Lehenago ere su-eten ugari izan dira eta ez dute ezertarako balio izan. Oraindik erantzun gabeko galdera asko ditut: hiltzeari laga behar badiote, zergatik ez dituzte armak lagatzen?, enpresariak estortsionatzen jarraitu behar al dute?... Ez dut konfiantzarik Zapaterorengan. Biktimei bizkarra eman behar al die? Ez dut uste bakea edozein preziotan lortu behar denik".

Miren Garmendia (Azpeitiko Aralar-eko kidea): "Azpeitiko Aralarrek positibotzat jotzen du ETAk iragarri duen su-etena. Bakearen alde aurrerapauso bat da. Eboluzio natural bati ekin diogu. Bake horren iraunkortasunean, elkarlana eta gizarte honen nahia eta beharrak, duen bultzadak uztartzeko ezinbesteko balioa du. Parentesi bat itxi da, aurrera begira baikor eta lanerako prest izan behar dugu. Normalizaziorako bideak urratuz. Beste batzuek, oraindik ere, badute zer esana eszenatoki honetan. Guztiok dugu aukera aldaketa hau betiko izateko".

Imanol Lazkano (bertsolaria): "Alde bateko terrorismoa bakarrik egon dela erakutsi nahi izan digute, baina hau gerra bat izan da. Gerra denetan odola isurtzen da, eta gurean ere isuri da. Iritsi da begien aurrean genituen betaurrekoak kendu eta aurrera begiratzeko ordua. Oraindik bide luzea dago egiteko, baina denok ikasi behar dugu demokratikoak izaten, bide demokratiko batean aurrera egin nahi badugu".

Maria Jesus Aranburu (EAJren Gipuzku Buru Batzarreko kidea): "Bi fase edo sentipen bereiztu nahiko nituzke. Alde batetik poza eta itxaropena sentitzen ditut. Bestalde, alderdi politiko bateko kide naizen aldetik, lanean segitzeko indarberrituta sentitzen naiz. Lana eta bidea luzeak izango dira, horregatik bidea bi makulurekin egin beharko da. Bi makulu horiek, herri baten aitorpena eta gure etorkizuna erabakitzeko aukera izango dira".

Xebastian Lizaso (bertsolaria): "Espero zen ate bat zabaldu da. Euskal Herriak aspalditik espero zuen. ETAk bere mugimendua egin du, eta ea orain Espainiako Gobernuak nola jokatzen dituen bere kartak. Bi aldeek eman behar dituzte pausoak. Ikusi beharko zer fruitu ematen duen. Ea Zapaterok zapata hori mugitzen duen".

Pako Aristi (idazlea): "Asko pozten naiz, zer aspaldian itota bezala sumatzen nuen Euskal Herriko jendea, batez ere ezker abertzalekoak; niri interesatzen zaizkidanak, alegia. Albiste honekin pozten ez dena, edo larritzen dena, kezkatzen dena, urduritzen dena, nik uste ez dagoela bere buruarekin bakean, pertsona txarra dela eta, dudarik gabe, gure herriaren etsai handi bat. Treguarekin badirudi desblokeatu egiten dela egoera, eta hori ona da, pozgarria, baina adi: orain bakoitzak egia esaten hasi beharko du, bere alderdiaren egia, bere posizioaren egia, orain arte eufemismoetan ibili baitira denak. Eta orain ikusiko dugu, edo nik hala nahi nuke behintzat, bakoitzaren benetako aurpegia. Tregua hau lorpentzat salduko digute, baina funtsean abiapuntu bat baino ez da. Nik ez dut tregua hau bakarrik nahi: nik gure zazpi lurraldeek bat egitea nahi dut administratiboki eta politikoki, eta behingoz, nazio bat osatzea bere estatuarekin eta herri bezala bizitzen hastea, aspertuta bainago sektarismoekin, Madrilekiko (edo Parisekiko) morrontzarekin, EAJren posibilismo diruzalearekin eta euskal kultura maite dutela dioten baina era berean euskara ikasteko eta erabiltzeko inongo ahaleginik egin nahi ez duten abertzale guztiekin".

Xabier Euzkitze (bertsolaria eta telebista aurkezlea): "Poz handia hartu nuen berria jakin nuenean. Ikusten zen bazetorrela, baina luzatzen ari zen; zain geunden, baina ez zetorren, eta ailegatu zenean poz handi-handia hartu nuen, lasaitu handia. Gehienbat gatazka honekin gehien sufritu duten alde guztiekin akordatu nintzen. Hemendik aurrera lasaiago biziko direnekin, eta auto azpian begiratu beharrik izango ez dutenekin, hain zuzen. Baita, ustez behintzat laster askoz kilometro gutxiago egin beharko dituzten presoen gurasoekin ere... gehien sufritu duten horiekin. Orain, hemendik aurrera, sukalde lan asko egin beharko da. Komunikabideetan gutxiago hitz egin, eta bilera pribatu gehiago. Ea behingoz konpromisoak hartzen hasten diren. Gero eta garbiago ikusten dut alderdi bat badagoela joko horretan sartu nahi ez duena. Goizean bertan informatibo batean ikusi dut Alfredo Perez Rubalcaba PSOEren Kongresuko bozeramaileak Carlos Urkijo PPkoari esaten: Carlos, kafe bat hartuko dugu su-etenagatik. Eta Urkijok erantzun dio: Niretzat oso berri txarra izan da. Hura bizkartzainekin dabil, eta ikusten da zenbaiti ez zaiola interesatzen hau bukatzerik, baina, azkenean, gizarteak berak baztertuko du alderdi hori, bereziki Euskal Herrian. Azkenean PSOEk ere onartu beharko duela herri hau ez dela izango izan nahi duena besterik, eta azkenean geuk erabaki beharko dugula zer izan nahi dugun".