Crayton: "Emozio handikoa izango da gaurko partida"

Urola Kostako Hitza 2006ko mar. 18a, 11:03
Derrick Crayton, Loiola Hotelean.

Gaur (zapatua) egingo du debuta Iraurgiko jokalari berriak: 18:30ean, kiroldegian

Gustura dago Azpeitian egin dioten harrerarekin

EBA Ligako Lan Mobel Iraurgi taldera jokatzera etorri da Derrick Crayton. Asteartean etorri zenetik Loiola hotelean dago ostatu hartuta. Azpeitia gustatu zaio, eta baita saskibaloi taldea ere. Gaur Crayton jokoan ikusteko aukera izango da, 18:30ean, Azpeitiko kiroldegian, Lan Mobelek Alveconen aurka jokatuko duen partidan. Irabaziko dutela dio, baina baita "presio handia" duela ere.

Azpeitia gustuko al duzu?

Bai, Azpeitia gustatu zait. Oso leku polita da. Jende jatorra dago.

Finlandian bizi zara, ezta?

Finlandiara ezkonduta nago, eta han bizi naiz bai. Emaztea eta alaba han ditut.

Eta hemen egongo zaren bitartean, non biziko zara?

Azpeitira etorri nintzenetik Hotel Loiolan nago. Pare bat egun hemen egingo ditut, eta gero Donostiara noa.

Han jarriko zara bizitzen, familiarekin?

Ez, haiek ez datoz. Ez naiz luzerako etorri, eta umearentzat-eta gehiegizkoa litzateke aldaketa.

Nolatan etorri zara Lan Mobel Iraurgira jokatzera?

Nire agenteak bazekien LEB1 eta LEB2ko talde batzuk jokalari bila zebiltzala, nire ezaugarrietako eta nire postuko jokalariak. Eta bestalde, nik ezagutzen dut Bruesa Gipuzkoa Basketeko entrenatzailea, LEB1ekoa; orain bost urte entrenatzailea izan nuen, Espainian jokatu nuenean. Eta hark gomendatu ninduen Iraurgi Saskibaloi Elkartea.

Asteazkenean egin zenuen lehen entrenamendua Lan Mobelekin. Zer moduz?

Esperientziadun jokalariak ditugu. Nire lehenengo eguna desberdina izan zen. Nahikoa urduri nengoen, eta azkar nekatu nintzen, herrialde batetik bestera egun batean aldatzea nahikoa zaila baita.

Gogorra al da, herrialde batetik bestera, taldez talde ibiltzea?

Bost edo sei herrialdetan jokatu dut dagoeneko, eta oso zaila da familia eta lagunak uztea, baina nire lana da, eta horrekin bizi behar dut. Egoera horretan ahal den ondoen bizitzen saiatuz gero, guztiek ulertzen dute hori.

Eta gaur irabaziko al diozue Alveconi?

(Kar, kar, kar) Bai, bihar (gaurtik) irabaziko dugu. Partida gogorra izango da. Gustura nago hona etorri naizelako. Bost urte dira azkena Espainian jokatu nuela, eta emozio handikoa izango da gaurko partida.

Di-da batean

Historiako jokalaririk onena?

Michael Jordan.

Gaur egungo jokalaririk onena?

Kobe Bryant, noski. Derek Fisher, Warriors-eko jokalaria ere gustuko dut; unibertsitate mailan taldekide izan ginen.

Pibotik onena?

Tim Duncan, San Antonio Spurs taldekoa.

Gogoan duzun partida bat?

Espainian, Cordoban jokatu nueneko partida. Lehen mailara igotzeko play-offetara iritsi ginen. Ederra izan zen ordukoa.

Talderik onena NBAn?

Detroit Pistons eta San Antonio Spurs. Lehen Lakers zen, hor jokatzen zuen-eta taldekide izan nuen Derek Fisherrek.

Talderik onena ACBn?

Denbora da ACB liga jarraitu ez dudala, baina Real Madrid eta Barcelona hor izan dira beti.

Eta Tau?

(Kar, kar, kar). Bai, Tau ere bai. Tauren partida batzuk ikustea gustatuko litzaidake.