Zezenak harrapatutako bati 72.000 euro ordaindu behar Udalak

Urola Kostako Hitza 2006ko mar. 18a, 11:03

Udalak dio sokamuturrean kale guztietako sarreretan seinalizazioak jartzen dituela

Emakume zestoar batek sartu zuen parte, 2002an

Orain lau urte karnabaletan zezenak emakume zestoar bat harrapatu zuen Erdi kaletik Eliz kalerako kantoian. Orain, Donostiako Bigarren Administrazio epaitegiak, emakumeari 72.000 euro ordaintzeko agindu dio Udalari.

Epaitegiak agindutakoa beteko duela azaldu du Udalak, baina ez du bat egiten erabakiarekin: "Udalak behar-beharrezko neurri guztiak hartzen ditu sokamuturraren garaian, eta Udala ez da zezenak emakume hori harrapatu izanaren arduraduna". Harrituta dago epaileak hartutako erabakiarekin. "Epaileak zezenak harrapatutako emakumeak dioena hartu du kontuan, eta ez Azpeitiko udaltzainak dioena. Emakumeak dio, senarrarekin zegoela, eta zezenak bera harrapatu eta zauritu zuela. Baina udaltzainak egindako txostenak dio, emakumea bera joan zela sokamuturraren tokira".

Azpeitian sokamuturrik gabe festarik ez dagoela dio Udalak, eta horregatik, ahal dituen neurri guztiak hartzen ditu. "Eusko Jaurlaritzaren baimena lortzen da. Hesiak jartzen ditu sokamuturraren ibilbideko hainbat lekutan. Bestetik, sokamuturra egiten den kale guztietako sarreretan seinalizazioak jartzen ditu, zezena dabilela adieraziz eta ordutegia zehaztuz. Hori gutxi balitz seguru bat ere kontratatzen du Udalak".

.72.000 euroak ez ditu Udalak berak ordaindu beharko. Izan ere, Udalak asegurua dauka kontratatuta, eta bera izango da ordainketa beregain hartuko duena.