Ramon Etxezarretarentzat "ikaragarriak" dira azken kartzelatzeak

Uztarria 2006ko mar. 17a, 13:03

Marlaska epaileak espetxeratu egin ditu Olano eta Petrikorena martxoaren 9ko greba dela eta

"Ez dakit nola froga daitekeen grebak deitzea delitu egite bat dela", esan du Etxezarretak

Fernando Grande Marlaska Espainiako Entzutegi Nazionaleko epaileak, Juan Mari Olano Askatasuneko buruzagia eta Juan Joxe Petrikorena Batasunekoa kartzelan sartu ditu martxoaren 9ko grebarengatik, eta Ramon Etxezarreta urrestildar eta Donostiako Udaleko PSE-EEko alkateordeak ez du erabaki hori ulertzen. "Ez dakit nola froga daitekeen grebak deitzea delitu egite bat dela. Eta ikaragarria da egun horretan gertatu ziren bortxa gertaerak greba deitzaileen kargu izatea, eta greba deitzaileak izatea errudun. Hori guztia ezer izatekoetan arraroa da".

Euskadi Irratian politikarien solasaldian egin ditu adierazpen horiek Etxezarretak.