Sokarik gabe, zein hobea?

Urola Kostako Hitza 2006ko mar. 16a, 19:03

Nuarbe eta Areso sokatira taldekoek Azkoitia-Azpeitia maratoi erdian lasterka zeinek irabazi erronka egingo dute

Ez da aurreneko aldia, hirugarren erronka da aurtengoa. Nuarbe eta Areso sokatira taldeko kideek Azkoitia-Azpeitia maratoi erdian nork denbora hobea egin apustua egingo dute.

Martxoaren 25ean jokatuko da Diego Garciaren oroimenezko XIII. Nazioarteko Azkoitia-Azpeitia Maratoi Erdia, eta proba horretantxe parte hartuko dute sokatiralariek ere.

Aurten hirugarren aldiz egingo dute erronka bi sokatira taldetako kideek. Aurreko bi ekitaldietan Nuarbe izan da erronka irabazi izan duena. IƱaki Altuna Nuarbe sokatira taldeko entrenatzaileak dioenez, aurten Nuarbek ez du horren erraz eskuratuko erronka: "Lasterkan ondo ibiltzen den kide bat daukagu taldean, eta horrek abantaila eman izan digu aurreko bi aldietan. Baina aurten maratoi erdian irtengo diren bi tiralari gutxi ibilitakoak dira".

Aresotik lau lagun etortzen badira lasterka egitera, Nuarbetik ere lauren denborak hartzen dituzte kontuan. "Orduan, talde banatako lauren denborak gehitu eta onena egiten duenari antolatzaileek garaikur bat ematen diote", dio Altunak. Sokatiralariek gero afaria ere egiten dute Landetako Elkartean, "saltsa eta giroa jartzea izaten da erronka honen kontua".