Aitzol Arregi: "Kontraste latza dago; XVII. eta XXI. mendeak batera bizi dituzte"

Estitxu Elduaien 'Matraka' 2006ko mar. 15a, 17:03

Matraka gazte astekarian Aitzol Arregi azpeitiarra elkarrizketatu dute. Arregi lan kontuengatik Txinara joan izan da; han bizitakoak kontatu ditu

Aitzol Arregi Txinara joan eta etorri ibili da azkeneko urtean, lan kontuak direla medio; 25 urteko azpeitiarra txundituta dago.

Nolatan Txinara joateko aukera?

Egur tailer batean egiten dut lan. Produktu berrien arduradun jarri ninduten hasi bezain pronto, eta oso gustura ari nintzen. Gure lantegiek Txinan lanean hasteko aukera izan zuten, eta gazteena neu nintzenez, neuri egin zidaten eskaintza. Nik ez nuen zalantzarik izan. Oso gustura esan nuen baietz. Ordutik, bost aldiz izan naiz han, bi eta hiru asteko egonaldiak eginez.

Aurrenekoz hara iritsitakoan zerk egin zizun inpresio handiena?

Guztia oso-oso-oso desberdina da. Honekin ez du inongo zerikusirik. Aurreneko egunetik, kalera atera eta: "Begiratu hori zertan ari den! Eta hori". Denbora guztian horrela ibili nintzen. Dena zen berria, hemen ikusten duzunaren antzeko ezer ez nuen ikusten. XVII. eta XXI. mendeak batera daude han. Kalean amona zahar bat bere oilo eta guzti ikusten duzu, eta ondoan, berriz, sekulako BMWa pasatzen. Aparteko kontrastea da.

Egonaldiak nolakoak izaten ziren?

Hotel batean egoten nintzen ni han nenbilenean. Eta nirekin batera itzultzaile bat izaten nuen beti, eta enpresak han zituen kontaktuak ere bai. Enpresaz enpresa ibiltzen nintzen eurekin, lana egiten. Eta, beno, gero gauez parrandaren bat edo beste ere egin izan dut.

Eta nolakoak dira han parrandak?

Diskotekak hemengoen berdin-berdinak dira. Dekorazioa, musika, jendea... hemengoen igual-igualak. Hori bai, nola edan dadoetan jokatzen dute. Botila bat whisky eskatu, dadoak hartu, eta jokoan edaten dute. Baina karaokeak dira hango parrandaren errege. Guk, aurrenekoz joan ginenean, hotelekoari galdetu genion ea gauean nora joan gintezkeen. Etxe batera eraman gintuzten, eta gela huts batean sartu. Telebista bat zegoen, eta edaria. Guk ez genuen ezer ulertzen. Han egon, pare bat trago hartu eta atera egin ginen. Ondoko geletan begiratu genuen orduan, eta a ze sorpresa: hamabost bat txinatar, mozkor-mozkor eginda, eta karaokean kantatzen gela bakoitzean! Karaokearekin itsututa daude.

Txinatarrei um blem ble erakutsi diezula ere jakin dut...

Bai! Han egindako afari batean izan zen. Afaldu eta topa egiten hasi, eta haiek beste kantu moduko batekin hasi ziren. Topa egiterakoan ganbei esaten dute. Eta nik, ba, um blem ble nekienez, ba, halaxe hasi. Han jarri nituen txinatar guztiak xirri aska xirri aska... Barre ederrak egin genituen.

Zer ekarriko zenuke handik hona?

Janaria. Egia da gurean ondo baino hobeto jaten dela, baina niri jaki bitxiak gustatzen zaizkit eta han gozatu egin nuen. Sugeak, txakurrak... denetarik jan dut, eta oso goxoak, gainera. Hori bai, jaten oso ausarta ez bazara eta Txinara joateko asmoz bazara, ogi eder bat eramatea gomendatzen dizut, bestela gose ederra pasatuko baituzu.

Baserria hirian

Kantonetik hiru ordutara dago Shaoguan hiria. Dezenteko hiria da, milioi eta erdi biztanle inguru ditu, eta kontrastez josita dago. Nekazarien munduak eta azken teknologiak bat egiten dute han. Hiriburu handia izan arren, baserritar mordoa ikusten duzu kalean, euren abere eta guzti, batera eta bestera. Euren ondoan, berriz, punta-puntako teknologia ere ageri da: autoak, bestelako gailuak...

Txinera da Shaoguango hizkuntza. Ingelesa hango gehienek dakite, gazteek ez ezik umeek ere bai, baina kaleko seinaleetan eta bestelakoetan txineraren idazkera erabiltzen dute, eta hizkuntza hori jakin ezean, oso zaila da non zabiltzan jakitea.

Herri komunista da berez Shaoguan, baina gizartean klaseen artean alde handia dago. Txinatar izatearen ohorea oso barneratua dute hango hiritarrek. Euskal herritar batek (Aitzol Arregik) Tibeten aldeko eskubideen inguruan hitz eginda, azkar okertzen zaie bekozkoa: "Sakratua da eurentzat Tibet. Tibetarrek txinatar izateagatik harro egon behar dutela erantzun zidaten".