Txiparen maratoi erdia

Uztarria 2006ko mar. 14a, 19:03

Martxoaren 25ean korrituko da Azkoitia-Azpeitia

Lehen aldiz txipekin hartuko dituzte lasterkarien denborak (Urola Kostako Hitza)

Gaur (hilak 14) aurkeztu dute Diego Garciaren omenezko XIII. Nazioarteko Azkoitia-Azpeitia Maratoi Erdia (martxoaren 25ean izango da), eta berrikuntzekin dator. Aurten, lasterketan korrikalariek txipa eramango dute. Antolatzaileen esanetan, "guretzat eta lastekarientzat erosoagoa da txipa erabiltzea, sailkapenak egiteko".

Antolatzaileak gustura daude probarekin. "Diego Garcia zenaren oroimenez eta Diegoren laguntzaz egiten dugun probaren helburuak betetzen ari dira. Izena eta ospea hartzen ari gara. Herri proba izanik eliteko zentzua ere badu. Inguruko probarik politena eta konpetitiboena egiten saiatzen gara urtero". Mila lasterkariko kopurua mantentzea nahi dute.

Beste berrikuntza bat, lasterketako irteera lekua da. Orain arte, lasterketako irteera Azkoitiko Plaza Berritik egiten zen, baina aurten ez da horrela izango. Izan ere, Idiakaitz eraikinean lanak egiten ari dira. Hori dela eta, irteera marra 120 metro aurrerago, Azkoitiko udaletxe parera mugitu dute.

Izena emateko lekuak
Prezioa. 12 euro.
Tokiak:
-Azkoitia: Plaza Berri Sport.
-Azpeitia: Aradi Kirolak.
-Zarautz: Nere Sport.
-Internetez: www.sarralle.com/media/maraton