Jose Artetxe kalean, idazlea gogoan

Uztarria eta Urola Kostako Hitza 2006ko mar. 12a, 17:03
Jose Artetxeren omenaldian bildu zirenak, haren bustoaren aurrean.

Gaur (igandea) idazle azpeitiarra jaio zeneko mendeurrena ospatu dute haren irudiaren aurrean

Ekitaldian, besteak beste, Txiki Benegas PSE-EEko buruzagi historikoa izan da, pertsonalki ezagutzen zuela eta

Ehun urte, mende bat beteko da gaur Jose Artetxe (1906-1971) azpeitiar idazlea jaio zela. Mendeurreneko ospakizunak, idazlearen irudia dagoen eta bere izena daraman kalean antolatu ditu Udalak. Omenaldia anbulatorio aurrean dagoen harrizko monolitoaren aurrean egingo diote.

Azpeitian jaio zen Jose Artetxe, baina bere bizitzako urterik gehienak Donostian egin zituen. Gazte, 13 urterekin, hasi zen lanean, familia estuasunetik ateratzeko.

.21 urterekin, berriz, bere lehen artikuluak argitaratu zituen. Euskarazko prentsa eta Azpeitia Uztarriak ateratako libururako Oihana Elduaien kazetariak egindako erreportajean hala esaten da: "21 urterekin hasi zen kazetaritzan, eta lan eskerga egin zuen. Gaztelerazko prentsari lotu zitzaion batik bat, baina euskaraz ere egin zituen aipatzeko moduko lanak. 'Zeruko Argia'-n (1919an sortu zen aldizkari erlijiosoa) ehun artikulutik gora idatzi zituen. Astero zutabea egiten zuen han". Milaka artikulu idatzi zituen Artetxek prentsan, baina batik bat gazteleraz.

Kazetaritzaren maisutzat

Batzuk kazetaritzaren maisutzat ere hartu izan dute. Uztarria Kultur Koordinakundeak atera eta Iñigo Aranbarri eta Jose Luis Otamendik egindako Loiolarik ez balitz liburuan halaxe esaten da: "Maisutzat hartua izan da, aintzindari izan zelako periodismo modernoaren arauak aldarrikatzen eta ezartzen, lead estilo delakoa hemen hedatuz".

Lehen liburua 28 urterekin idatzi zuen, Una inquietud y cuatro preguntas. Haren atzetik, ordea, beste 25 liburu idatzi zituen. Berak idatzitako azken liburua bera hil eta sei urtera argitaratu zuten, Un vasco en la postguerra (Diario 1939-1971).

Artetxeren libururik garrantzitsuenetakoa El abrazo de los muertos da, 1936-1939 gerra zibileko bere egunerokoa, hil aurreko urtean egin zuena. Loiolarik ez balitz liburuan ere aipatzen dute: "Lan horixe izan zuen begiko kuttuna, hogeitaka urtez gordean eraman zuena barruak jaten. Sarritan esan izan zuen tiro bakarra bota gabe egin zuela gerra".

Bere idatzietan abertzaletasunaren alde egin zuen Artetxek eta Gipuzku Buru Batzako kide ere izan zen. Loiolarik ez balitz liburuan idatzita dagoenez: "Etxetik karlismoaren eta integrismoaren sua zekarrenak aurki EAJ alderdira jo zuen. Idatzi, hitzaldi eta jarreretan abertzaletasunaren alde tinko egin zuen, kristautasunak, euskarak eta euskal kulturak, askatasunak, demokraziak eta gizarte arazoek galdatzen zioten neurriko erantzuna Alderdi Jeltzaleak eskainiko ziolakoan. Politikaren uretan leporaino sartuta, aurrera egin zuen Gipuzku Buru Batzako idazkari izateraino".

Zentsura eta gerra

"Garai beretsukoak ziren Iñaki Azpiazu, Ildefonso Gurrutxaga, Jose Artetxe, Iñaki Goenaga eta Julian Elorza, eta zentsura, gerra eta erbestea beraien larruan bizi izan zituzten", halaxe dio Elduaienek Euskarazko prentsa eta Azpeitia liburuan.

Zentsuraren garaiko lehen euskal liburuetan ere zerikusirik badu Artetxek. Hala kontatzen da 'Loiolarik ez balitz'-en: "Hegoaldeko gerra osteko lehen euskal liburuak Artetxek eta Patxi Unzurrunzagak Rocamorarekiko egindako arartekotzari zor zaizkio. Batzuek gisako lanak heroikotasunaren mugaraino igo zituzten bezala, beste batzuek kolaboratzailearen joko konplizetzat gaitzetsi zituzten".

Gaur, orain ehun urte jaiotako idazlea gogora ekarriko dute, Jose Artetxe kalean.

Gaurko egitaraua

- 11:00. Meza, Esklabetan.
- 12:15. Aurreskua, lore eskaintza, Imanol Elias idazle eta historialariaren hitzaldia eta Joxe Lizaso bertsolariaren saioa. Jose Artetxeren irudiaren aurrean (anbulatorio aurrean).

Txiki Benegas ekitaldian

Jose Maria Txiki Benegas PSE-EEko buruzagi historikoa ekitaldian izan da gaur, Artetxe pertsonalki ezagutzen zuela eta. Benegasek idazleari buruzko iritzi artikulua idatzi du gaur El Diario Vasco egunkarian.

DVn Artetxez ateratako beste artikulua: Arteche, aquel best-seller

'Berria'-n gaur argitaratutako artikulua: Gerrak erdibitutako zubigilea

Urola Kostako Hitza egunkariko kronika