"Nuarbe berria"

Urola Kostako Hitza 2006ko mar. 11a, 12:03
Udalak, sokatira elkartearen egoitzaren ondoko etxea botata egin nahi ditu etxebizitzak Nuarben.

Azpeitiko Udalak, Azpeitia Lantzenen bidez, udal babeseko etxebizitzak egiteko asmoa du Nuarbeko elizaren ondoan (Urola Kostako Hitza)

"Etxebizitza berriak egitea ondo iruditzen zaigu, baina gero nor etorriko ote da?", horixe da nuarbetarren kezka nagusia. Azpeitiko Udalak Nuarbe eraberritu eta "indartzeko" etxebizitza berriak egiteko asmoa du. Beizamako Udalarekin ere Nuarbeko plaza inguruan beste etxe batzuk egitea aztertzen ari da.

Nuarbeko elizaren, Sokatira Elkartearen egoitzaren, ondoko etxea erosiko dio Azpeitiko Udalak Juan Zabaleta Txistu-ri. Etxe hori bota eta Udalak Azpeititik Nuarberako sarreran, ezkerretara, dituen lurretan bifamiliako etxebizitza berriak egingo ditu, Azpeitia Lantzenen bidez.

Nuarbe urteetan husten joan da. Nuarbera joan eta hango kaleetan ere antzematen da hori. Eguerdia da, ez da inor ikusten, hutsik daude kaleak eta Ibai Eder errekako ur hotsa entzuten da, besterik ez. "Garai batean bai, jende asko bizi zen Nuarben. Baina gero husten joan da, orain etxe huts asko dago. Nuarben, uraren eran denak behera joan dira eta gehiago ez dira etorri. Hilerrira joandakoak ere gehiago ez datoz", dio Juan Zabaleta Txistu nuarbetarrak.

.100 biztanle ere ez

Mercedes Otaegik buruz daki Nuarbeko zein etxetan zenbat lagun eta zein bizi den, banan bana kontatzen ditu. "Ehun lagun? Ezta erdirik ere ez da bizi gaur egun Nuarben. Hemen etxe hutsa da franko" dio, garai batekoak gogoan.

Gaur egun soziedade edo elkarte bat bakarrik dago Nuarben. Dendarik eta tabernarik ez dago. Hiru taberna zireneko garaia gogoan du Otaegik: "Artabera, geure taberna, Koreana eta Ximonenekoa, hiru taberna ziren garai batean hemen. Kale bazterrak jendez gainezka izaten ziren, denak zestogintzan. Nuarbeko tailerra ere bete-beteta izaten zen, han ere otarrak egiten. Orain denak Azpeitira joaten dira lanera, dena aldatu egin da eta etxe piloa hutsik dago".

Nuarben azken etxeak egin zirela hamar urte baino gehiago izango dira. Azkena egindakoak Loretokoa eta Elurtxo dira. Loretokoan taberna bat zegoen lehen, baina 1993ean erre egin zen. Orduan bota eta etxe berria egin zuten.

Orain, Udalak etxe berriak egiteko asmoa du Nuarben. Bertakoei ez zaie asmo txarra denik iruditzen. "Ondo dago etxe berriak egitea, baina beldur pixka bat ematen digu. Zein etorriko da etxe berri horietara? Segur aski jende gaztea etorriko da, igoal Nuarbe bertakoak ere bai", dio Zabaletak. Otaegik ere kezka horixe du: "Ondo dago etxe berriak egitea, baina gero ez da izango gaur egungo Nuarbe. Tankerarik ere ez du izango. Orain denok denon berri daukagu, baina gero auskalo nola izango den".

Udal babesekoak

Udaletxean azken udalbatzarrean eztabaidatu zuten Nuarbeko etxeen gaia. Azpeitiko alkatearen esanetan, etxe berriak eginda Nuarbe "indartu eta eraberritzea" da asmoa. Azpeitia Lantzenen bidez Udal babeseko etxeak egin nahi dituzte. "Azpeitia Lantzenekin udal babeseko etxeak egin ditzakegu. Nuarbe bezalako auzoak indartzeko tresna egokia da".

Habeakoak, ordea, ez daude ados Azpeitia Lantzenen bidez egitearekin, "gure ustez, lehentasuna alokairu sozialeko etxebizitzak du, eta ez udal babesekoak". Baina Nuarbe indartu behar dela ados daude ezker abertzalekoak.

EA ere bat etorri da EAJrekin eta uste du Nuarben Azpeitia Lantzenen bidez etxeak egitea egokia dela. Hala dio Manuel Unanuek: "Nuarbek Azpeitiak duen etxebizitzaren arazo orokorra ez du konponduko. Bi maila desberdinetan jarriko nituzke Azpeitia eta Nuarbe".

Nuarbetarrek, bizitzeko Nuarbe ez lukete beste toki bategatik aldatuko. "Azpeitia baino, nik neuk neretzako, Nuarbe nahiago dut. Autoa edukiz gero berehala gaude han eta orain autoa ez daukatenentzat autobusa dago. Azpeitiari ez diot ezer kentzen, baina hemen dagoen lasaitasun hau...", dio Otaegik. Nuarbek alde onak badituela dio Zabaletak: "Lasaitasuna, ura nahikoa eta autoa aparkatzeko arazorik ez".

Nuarbe aldatzen joan da urteekin eta aldatuko da gerora ere. Etxe berriekin "Nuarbe berria" izango omen da.