Makinen erakusleihoa

Uztarria eta Urola Kostako Hitza 2006ko mar. 10a, 12:03

Makina-erremintaren 24. azokan, Azpeitiko bost enpresak jarri dute erakustokia bertan (Urola Kostako Hitza)

Azpeitiko hainbat enpresentzat hitzordu garrantzitsua da Makina-erremintaren Espainiako Bi Urtetik Behingo Erakusketa (BIEMH). Azpeitiko bost enpresak jarri dute erakustokia bertan, beren makinak eta fabrikazio-teknologiak ezagutzera emateko.

Makina-erremintaren 24. azokak astelehenean (hilak 6) ireki zituen ateak Bilbao Exhibition Centren, eta larunbatera bitartean egongo da zabalik.

BECen 1.753 enpresek jarri dute erakustokia. Euskal Herrikoak asko dira (300dik gora). Horien artean Azpeitiko enpresa hauek daude: Biele, Coin Comercial, Glual, Sarralle eta Zubiola.

Makina-erremintan lan egiten dutenentzat, sektorearen hitzordu garrantzitsua da azoka. Azokaren antolatzaileen esanetan, "BIEHM plataforma paregabea da bai kanpo-proiekziorako eta baita aurrerapen eta garapen teknologikoa finkatzeko ere".

Maria Anjeles Amenabar: "Guretzat azokak gure lana ezagutzera emateko dira"

Makina-erremintaren Espainiako Bi Urtetik Behingo Azoka (BIEMH) egiten ari dira egunotan Barakaldon, BECen. Azpeitiko Zubiola Koop. enpresak bertan erakustokia jarrita du. Maria Angeles Amenabar Zubiolako kudeatzailearen iritziz azoka garrantzitsua da. Beraien helburua, azokan, Zubiola eta bertan egiten duten lana ezagutzera ematea da.

Egunotan Barakaldon egiten ari den makina-erremintaren azokan erakustokia duzue jarrita. Azoka hori garrantzitsua al da zuentzat?

Guretzako Barakaldon egun hauetan dagoen makina-erremintaren azoka oso garrantzitsua da. Mekanikaren eta burdinaren arloan du garrantzia gehiago, egurrean baino. Baina burdinaz eta egurraz gainera gero eta material konposatu eta berri gehiago ari da sartzen. Material berriak ari dira sartzen makina-erremintan, eta gu ere material berri horietara egokitzen ari gara.

Zubiola askotan joan al da makina-erremintaren azoka honetara?

Guretzat azoka hau berria da, aurten bigarren aldia dugu azoka honetan. Gu, gehienbat egur munduan ari gara lanean eta gure ekoizpen gehiena egurrera bideratutakoa da. Baina gure ekoizpena material berri horietara bideratzen ari gara orain.

Barakaldo gertu izanda enpresan bezeroen bisitak-eta izaten al dituzue?

Bai, bai. Izaten ditugu bisitak. Azokara etortzen diren batzuk gero enpresa ikustera ere etorri ohi dira. Astelehenean bisita bat izan genuen, eta asteazkenean bezero poloniar batzuk etorri ziren enpresa bertatik bertara ikustera. Era horretan, kanpokoek nola lan egiten dugun ikusteko aukera izaten dute.

Bezero berriak egiteko leku aproposa al da makina-erremintaren azoka hau?

Makina-erremintaren azokan guretzat garrantzitsuena Zubiola, enpresa bera, eta geure produkzioa edota egiten dugun lana ezagutzera ematea da. Guretzat azokak ez dira saltzeko, geure lana ezagutzera emateko dira. Merkatu berri horretan ez gara hain ezagunak eta ezagutaraztea da gure helburua.

Beste zein azoketara joaten da Zubiola?

Joan den astean Hego Ameriketako azoka batean izan ginen. Gero Alemanian, Portugalen, Parisen eta toki askotan izaten gara. Gu enpresa txikia gara, eta zein azokatara joan erabakitzeko lehentasunak jarri behar izaten ditugu.