Lagun Onak Txirrindulari Elkarteak 2006 denboraldiko bi talde aurkeztu ditu

Uztarria.eus 2006ko mar. 3a, 12:03
Mahaian Joseba Albizu, Candico Mitxelena, Gaztañe, Heriberto Sanchez eta Andoni Aranaga. Erdiko argazkian kadeteak. Beheko argazkian jubenilak.

Atzo, ostegunean, Lagun Onak Txirrindulari Elkarteak denboraldi honetarako elkarteak dituen bi taldeen aurkezpena egin zuen Sindikatu Zaharrean

Andoni Aranaga eta Joseba Albizu, umetan elkartean ibilitako bi txirrindulari profesionalak, aurkezpenean izan ziren eta haien helburuez, aurreikuspenez, jardun zuten.

Sindikatu Zaharrean egin zuten aurkezpena atzo Lagun Onak Txirrindulari Elkartekoek, 20:30ean. Elkartean denboraldi honetarako dituen bi taldeen aurkezpena egin zuten: jubenil mailakoena eta kadete mailakoena.

Aurkezpenean gustera azaldu ziren Lagun Onak elkartekoak "jende gaztea txirrindularitzara gerturatzen" ari delako. Kadete mailan 18 txirrindulari dituzte. Horietatik bost lagunek bigarren urtea izango dute (Beñat Mendia, Jon Odriozola, Asier Kortajarena, Gorka Agirre eta Ioritz Aginagalde) gainontzekoak lehenengoz ariko dira (Jakes Goenaga, Jon Iriarte, Jon Iparragirre, Markos Zaldibia, Mikel Elorza, Imanol Arizmendi, Ioritz Alberdi, Jon Oteiza, Mikel Ezeiza, Borja Leal, Mikel Madinabeitia, Jakes Zubillaga eta Josu Korta). Kadeteen taldeak Grupo Corrugados enpresa du babesle eta Jagoba Korta da arduraduna.

Jubenil mailan 12 lagunek osatzen dute taldea: Mikel Garate, Eñaut Bilbao, Ander Caballero, Iraitz Elordi, Jon Etxeberria, Unai Iparragirre, Arkaitz Izeta, Jon Juaristi, Gotzon Lizarralde, Jokin Sudupe, Harriet Urteaga eta Iñaki Zubizarreta. LanMobel enpresak babesten du talde hau eta Gurutz Aldalur da taldearen arduraduna.

Aranaga Girora eta Albizu Tourrera

Aurkezpenean aurtengo denboraldirako antolatuko dituzten lasterketa eta bestelako ekimenak ere aipatu zituzten. Lau lasterketa antolatu dituzte aurtengorako. Eta lasterketa horiek antolatzeko Udalaren babesa eskertu zuten. "Beste herrietan lasterketak antolatzeko arazoak dituzte, errepideak moztu behar direlako. Baina guk alde horretatik udalaren babes osoa dugu". Hauexek antolatuko dituzten lasterketak: San Josetako jubenilen lasterketa, martxoaren 25eko kadeteen lasterketa, Urrakiko igoera eta San Inazioetakoa. Horretaz gain, lehenengoz eskolarteko bizikleta martxa elkarteak antolatuko du. Eta azkenik, Andoni Aranagak Giroan parte hartzea litekeena dela-eta autobusa antolatu nahi dute.

Aranaga berak baieztatu zuen hasiera batean Euskaltel Euskadi taldearen asmoa horixe dela, baina denboraldia aurrera joan ahala ikusiko dela hala den edo ez. Lehenengo Paris-Niza eta klasikak egingo ditu eta ondoren Giroa. Joseba Albizu, aldiz, Tourrean izango da, baina aurretik pare bat lasterketetan eta Milan-San Remon erakutsi beharko du maila. Albizuk adierazi zuenez ez du "helburu zehatzik", "ahal duena ahal duen ondoena" egiteko asmoa besterik ez du. Bi txirrindulariek Euskaltel Euskadi Taldea "ondo antolatuta" ikusten dute. Aranagak azaldu zuenez "egutegia eginda dute" eta haren ustez taldeak "itxura ona" du, baina "liderrek erantzun" beharko dute, besteak "ondo" ari omen dira. Albizuk aurtengo denborandian "talde bezala hobeto" ikusten du: "Ez daude biri begira, besteei aukerak emateko asmoa somatzen dut. Orain arte bezala ezin dela ikusiko zuten. Babesleak azkeneko urtea du eta izan liteke horrek eraginda".

uztarria.com-en txirrindularitzako hainbat albiste, erreportai bildu ditugu. Ikusteko egin klik hemen