EA "minduta" dago EAJrekin

Urola Kostako Hitza 2006ko ots. 25a, 13:02

Aste honetako bi ekitalditan Udaleko arduradunek izandako jarrera salatu du (Urola Kostako Hitza)

Azpeitiko Udalean gobernukide duten EAJk azkenaldian izan duen jarrera salatu du Manuel Unanue Azpeitiko Udaleko EAko zinegotzien bozeramaleak. EAkoak kontuan hartu ez izanaz ere jardun du Unanuek.

Azkoitia-Azpeitia Urola Ikastolakoak Zilarreko Qa jaso duela-eta Azpeitiko Udalak zoriondu egin ditu, herenegun udaletxean ekitaldi bat egin zuten. Baina EAkoak haserretu egin dira, ekitaldi horretan parte hartzeko ez zituztelako gonbidatu. "Herenegun, ekitaldiaren egunean, udaletxeko batzar aretora sartu ginen eta ekitaldira Udaleko EAko ordezkaririk ez zutela gonbidatu salatu genuen bertan zeudenen aurrean. Jarrera horrekin minduta gaude. Prentsatik jakin behar al dugu horrelako ekitaldien berri?". Udaleko ekitaldira gonbidatu gabe egon arren, Azpeitiko EAk Azkoitia-Azpeitia Urola Ikastola zoriondu du, "EAren izenean Urola ikastolakoak zoriondu nahi ditugu, Zilarreko Qa lortu badute, Urola Ikastolaren kalitatea hobetzeko egindako lanagatik izan delako, eta herri bat era horretan egiten da".

Loiolan ordezkaririk ez

Astelehenean egin zen San Inazioren heriotzaren 450. urteurreneko proiektuen eta ekitaldien aurkezpenean Azpeitiko Udaleko ordezkaririk ez izatea ere kritikatu du EAk: "Min hartu dugu ekitaldian Azpeitiko Udalaren ordezkaritzarik ez zela izan ikusi dugunean. Aurkezpenak berak, historia mailan-eta zuen garrantzia ikusita eta Azpeitiak bertan ordezkaririk ez izatea ez da onargarria".

Kasu horretan Azpeitiko Udalak "itxura onik ez" du eman EAren iritziz. "San Inazioren heriotzaren 450. urteurreneko ekitaldien aurkezpenean Gipuzkoako Foru Aldundiko, Eusko Jaurlaritzako, Jesusen Lagundiko eta Azkoitiko Udaleko ordezkariak izan ziren eta Azpeitiko Udalak, berriz, inor ez zuen bidali. Horrela ez da itxura onik ematen".

EAkoen ustez, Julian Eizmendi Azpeitiko alkateak (EAJ) Loiolako aurkezpenera joaterik ez baldin bazuen beste udal ordezkariren bat bidali behar zuen. "Esaterako, Azkoitia-Azpeitia Urola Ikastolak Zilarrezko Qa jaso zuenean, Azkoitian egin zen ekitaldia. Alkateak ezin izan zuen joan hara, baina Ana Mendizabal Udaleko Hezkuntza eta Euskara batzordeburua joan zen Azpeitiko Udalaren izenean".