Torturen auziak aurrera egingo duen "itxaropenik ez" du Unai Lizasok

uztarria 2006ko ots. 24a, 19:02

Gaur izan da Lizaso Madrilgo Hirugarren Instrukzioko epaitegian deklaratzen

Torturen aurka egindako elkarretaratzean ELA eta LAB sindikatuek, Habea eta EA alderdi politikoek eta Askatasunak parte hartu dute

Jasandako torturen inguruan deklaratzera joan eta handik bueltan dela epaileak "arretarik jarri ez izana" salatu du Unai Lizasok.

Iaz, otsailaren 11n, atxilotu zuen Unai Lizaso Espainiako Poliziak eta hiru egunez eduki zuten komisaldegian, inkomunikatuta. Orduan torturatua izan zela salatu zuen, auzi-medikuaren aurrean ere salaketa berretsi zuen eta Azpeitiko anbulatoriotik auzi-bidean jarri zuten.

Gaur goizean, Madrilgo Hirugarren Instrukzioko epaitegian deklaratu du Lizasok, baina auziak aurrera egingo duen itxaropenik ez du. "Atxilotuta eduki nindutenean gertatutakoa eta jasandako torturak azaldu dizkiot epaileari, baina hark kasu handirik ez dit egin, ez du arretarik jarri. Deklaratzen ari nintzen bitartean ordulariari zazpi edo zortzi aldiz begiratu dio. Nik deklaratu eta epaileak bere idazkariari azaltzen zion nik esandakoa: batzutan antzera eta beste batzuetan ez hain antzera azaltzen zizkion. Guk zuzenketak egin dizkiogunean mutur txarrak jarri ditu epaileak. Alde horretatik ez naiz batere gustura gelditu".

Unai Lizaso Madrilen zen bitartean, Azpeitian torturaren eta inkomunikazioaren aurkako elkarretaratzea egin zuten plazan. Torturaren aurkako bilkurak Urola Kostako ELA eta LAB sindikatuen eta Habea eta EA alderdi politikoen eta Askatasunaren babesa izan du.