Hutsik dauden etxeetara pintura gorria bota du Segik

Urola Kostako Hitza 2006ko ots. 23a, 20:02
Karasusaneko etxea gorriz margotu zuten atzo, osteguna.

Gorriak ikusiko dituzue! lelopean hainbat mobilizazio egin ditu eskualdean (Urola Kostako Hitza)

Azpeitian hutsik dauden etxebizitzak pintura gorriarekin margotu zituen atzo, osteguna, Segik, "etxe hutsak gazteontzat" aldarrikatuz.

Borrokaz aske bizi independentzia! kanpainaren baitan, Gorriak ikusiko dituzue! leloarekin "mobilizazio nazionala" deitu zuen Segik. Urola Kostako hainbat herritan zenbait eraikin gorriz margotu zituzten. "Kaleak gorritzera atera gara, gazteok bizi dugun egoera salatzeko, erantzuleei gorriak ikusarazi eta independentzia gorriz idaztera", adierazi zuten Segiko kideek.

Azpeitian zenbait etxebizitza huts margotu zituzten gorriz. "Pertsona orok etxe batean bizitzea oinarrizko eskubidea du, eta erakunde publikoek bermatu behar dute eskubide hori. Baina Euskal Herrian eta baita Azpeitian ere eskubide izatetik luxu eta negozio izatera pasatu da", nabarmendu zuten.

Segiren arabera, Azpeitian etxe berriak egin beharrean aurretik hutsak bete behar dira, "Azpeitian 5.785 etxeetatik 1.214 hutsik daude. Guk, gazteok, bakoitzaren baldintza ekonomikoen araberako alokairu sozialak jartzea nahi dugu eta Udalak hori bermatzea. Herria izatea etxebizitzen jabea eta Udalak kudeatzea bitartekaririk gabe eta negozioa helburu izan gabe".