Antxieta etxeko berri eman dute Atzegikoek

Urola Kostako Hitza 2006ko ots. 23a, 16:02
Ikaztegietako etxebizitza tutelatuetako eta Itsasondoko eguneko zentrokoek azalpenak eman zituzten, asteartean Azpeitian.

Etxebizitza tutelatuetan edo eguneko zentroan izena emateko Atzegira jo behar da

Ikaztegietako Atzegiren etxebizitza tutelatuetan bizi eta Itsasondoko Gureak-en eguneko zentrora joaten direnak etorri ziren asteartean (hilak 21) Azpeitira. Beraiek gertu-gertutik bizi duten esperientziaren berri ematera etorri ziren Azpeitian Txolartek duen egoitzara.

Azpeitian Antxieta etxean Atzegirentzako etxebizitza tutelatuak eta Gureak-en eguneko zentroa egiteko obrak hasita daude. Urtearen bukaerarako obrak bukatuta edukiko dituzten itxaropena dute Atzegikoek.

Baina etxebizitzak eta eguneko zentroa martxan jarri aurretik, gauzak aurrez mugitzeko asmotan eta urola bailaran "egon daitekeen eskaria" ezagutzeko Atzegikoen senideekin batzar informatiboa egin zuten asteartean.

Atzegikoek, Gipuzkoan gaur egun martxan dauden etxebizitza tutelatuen inguruan eta funtzionamenduari buruz hitz egin zuten, "etxebizitza zerbitzuak Atzegiren filosofiarekin eta eskaintzan dituen beste zerbitzu batzuekin bat egiten du. Gure helburua adimen urritasuna duten pertsonak ahalik eta independenteen bizitzea da".

Gureak-ekoek, berriz, eguneko zentroaren zerbitzuaz jardun zuten, "sei pertsonako begirale bat egoten da, eta hainbat gauza lantzen da eguneko zentroetan".

Izena emateko bi modu

Bai etxebizitza tutelatuetan eta bai eguneko zentroan izena emateko bi modu daude: udaletako gizarte zerbitzuetara jo behar da, edota Atzegin ere izena eman daiteke.