Juan Antxieta Argazki Lehiaketak XXVII. edizioa du aurtengoa

Uztarria 2006ko ots. 22a, 18:02

Inauteri jaietako sokamuturra eta inauteri giroa egokien jasotzen dituzten argazkiak sarituko dituzte

Sari banaketa apirilaren 1ean izango da; ondoren, argazkiak Betharrametako aretoan izango dira ikusgai

XXVII. Juan Antxieta Argazki Lehiaketako oinarriak ezagutzera eman ditu Azpeitiko Argazki Elkarteak. Lehiaketako gaia, ohi bezala, inauteri jaietako sokamuturra izango da, eta Iñaki Joaristi Altzarte sariarekin inauteri giroa egokien jasotzen duen argazkia ere sarituko da.

Juan Antxieta argazki lehiaketan edozein argazkizalek har dezakete parte. Argazkiek sokamuturra eta inauteri giroa izango dute gaia, eta parte hartzaile bakoitzak gehienez bost eta bi argazki aurkeztu ditzake gai bakoitzerako, hurrenez hurren. Argazki guztiek zuri beltzekoak behar dute izan eta inolako trukaketa digitalik gabekoak. Neurriz, berriz, 20 x 30 zentimetrotakoak izan behar dute, eta 40 x 50 neurriko kartoi mehe batean itsatsita aurkeztu behar dira. Kartoiaren atzean izenburua, egilearen datuak, helbidea eta telefonoa idatzi behar dira. Lanak aurkezteko azken eguna martxoaren 23a da. Argazkiak Argazki Elkartera bidali behar dira. Julian Elorza hiribidea, 4. helbidera.

Sariak

Sokamuturra gaitzat duten argazkientzako sariak:
Lehenengoarentzat: 365 euro eta garaikurra.
Bigarrenarentzat: 235 euro eta garaikurra.
Hirugarrenarentzat: 200 euro eta garaikurra.
Laugarrenarentzat: 120 euro.
Bosgarrenarentzat: 80 euro.

**Iñaki Joaristi Altzarte saria:** 150 euro.

Sari banaketa. Sariak apirilaren 1ean banatuko dira 12:30ean Betharrandarretako erakusketa-aretoan, eta lehiaketara aurkezten diren argazkiekin osatutako erakusketa ere egun horretan bertan zabalduko dute, apirilaren 8ra arte. Argazki sarituak Azpeitiko Argazki Elkartearentzat izango dira, eta besteak erakusketa amaitu eta hamabost egunen barruan jaso beharko dituzte argazki elkartean.