1.100 etxe hutsetatik 28 jarriko ditu alokairuan Bizigunek

Urola Kostako Hitza 2006ko ots. 17a, 14:02

Azpeitian alokairuan eman diren etxebizitza hutsak "oso etxe onak" direla adierazi du Azpeitia Lantzenek (Urola Kostako Hitza)

Herrian alokairu bultzatzeko, Bizigune programaren bidez orotara 28 etxebizitza jarriko dituzte alokairuan. Urtebete da Azpeitiko Udalak Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailarekin Bizigune programa herrian sustatzeko hitzarmena sinatu zuenetik: 2005eko urtarrilaren 13an sinatu zuten.

Biziguneren bidez alokairuan jarri diren etxeak "oso onak" direla diote Azpeitia Lantzenekoek. "Etxea alokairuan jartzeko, ezaugarri zehatz batzuk eskatzen ditu Bizigunek: sukaldea eta komuna ondo edukitzea... Etxe huts horiek eraberritzeko interesik gabeko maileguak ere ematen ditu. Azpeitian Biziguneren bidez alokairuan eman diren etxeak onak dira, oso ondo daudenak", diote.

Bizigune Azpeitian martxan jarri zenetik alokatu diren etxeetan azpeitiarrik ez dago maizter bezala, hori diote Azpeitia Lantzenekoek. "Guk ezagutzen ditugun maizterren artean Azpeitian jaiotakorik ez dago oraindik: azkoitiarrak, zumaiarrak, ekuadortarrak... daude. Denak beste herri batzuetatik Azpeitira etorritakoak dira". Iaz, urtarrilean, Etxebiden Azpeitiko 197 pertsonak zuten izena emanda.

Udalak eta Jaurlaritzak sinatu zuten hitzarmenaren bidez, bitartekari lana Azpeitia Lantzenek egiten du, etxe hutsen jabeei Bizigune programaren berri ematen die. "Azpeitia Lantzenek Azpeitiko etxe hutsen jabeekin du hartu emana. Etxejabeei hutsik duten etxea Biziguneren bidez nola alokatu eta horretarako zer egin behar duten azaltzen diegu. Maizterrek edo etxebizitza bat alokairuan hartu nahi dutenek zuzenean Etxebidera deitu edo jo eta han izena eman behar dute", diote Azpeitia Lantzenekoek.

Azpeitia Lantzenek hutsik zeuden etxebizitzen zerrenda bat egin zuen iaz. Guztira 1.100 etxe huts zeudela adierazi zuen Udalak orain urtebete. "Banan bana etxebizitza bakoitzean norbait bizi zen edo ez aztertu genuen, eta ondoren urtebetez hutsik zeuden etxeen jabeei gutuna bidali genien Bizigune programaz informazioa emanez. Behin gutunak bidalita banan bana etxejabeei deitu genien, etxe hutsa alokairuan emateko interesik bazuten jakiteko", diote. Urtebeteren ostean 28 etxejabek erabaki dute hutsik duten etxea alokairuan ematea.

Etxebizitza erosteko

Bigarren eskuko etxebizitzak erosteko diru laguntzak ematen ditu Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailak. Jaurlaritzaren esanetan, Azpeitiko 36 familiak jaso dute bigarren eskuko etxebizitza erosteko diru laguntza; batez beste 9.000 euro jaso ditu erosle bakoitzak. Guztira, 285.000 euroko diru laguntza eman die Jaurlaritzak.