Irisgarritasunerako egindako lanek 300 mila euro jaso dituzte

Urola Kostako Hitza 2006ko ots. 16a, 14:02
Enparan Dorretxean egin berri duten sarrerako pasabidea eta igogailua ikus zituen atzo, asteazkena, Javier Madrazok.

"Azpeitia irisgarritasunean aitzindaria" dela dio Madrazok, Jaurlaritzako Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuak (Urola Kostako Hitza)

Herrian oinezkoen irisgarritasuna bermatzeko obrek 396.277 euroko diru laguntza jaso dute Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailetik. 2001 urtetik egin eta Jaurlaritzak lagundu dituen obrak ikusi zituen atzo, asteazkena, Javier Madrazo sailburuak."Une honetan 2006-2009ko irisgarritasuneko plan orokorra prestatzen ari gara. Horrekin lotuta egin diren lanak bertatik bertara ikustea ona da, zertarako balio duten ikusteko", azaldu zuen.

Udaletxeko, Sindikatu Zaharreko eta Enparan Dorretxeko igogailuak eta Etxe Alain eta Arana Goikoan espaloietan egin diren obrak ikusi zituen atzo, asteazkena, Madrazok.

Azpeitia, oinezkoen irisgarritasuna bermatzen "aitzindaria" izan dela nabarmendu zuen sailburuak: "Gai horrekiko sentsibilitatea erakutsi du Udalak, eta diruz laguntzeko orduan hori ere kontutan hartu dugu".

.1991 urtetik oinezkoen irisgarritasuna bermatzeko lanak egin ditu Azpeitiko Udalak, espaloiak eraberrituz eta zabalduz, eraikin publikoetan igogailuak jarriz, oinezkoentzako pasabideak egokituz... "Gure aurretik Udalean egon direnek irisgarritasunaren baitan izan duten politikarekin jarraitu nahi dugu guk ere. Beraz, aurrera begira ere beste proiektu batzuk ditugu irisgarritasunarekin lotuta daudenak; besteak beste: Etxe Alairako igogailua karakolean, kaleak eta bideak hiritartzea eta herri barruan bidegorriak egitea", gaineratu zuen Julian Eizmendi alkateak.

Irisgarritasuna doru laguntzak

Euskoa Jaurlaritzako Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailak irisgarritasuna bermatzeko Azpeitian egin diren hainbat lanentzako laguntzak eman ditu 2002-2005 artean. Madrazoren esanetan, "guztira 369.277 euroko diru laguntza" eman ditu.

-2002-2003 urteetan
Arkitektura-oztopoak. Sanjuandegin, hilerrian eta Olatzen arkitektura oztopoak kentzeko 86.996,50 euroko laguntza eman du Jaurlaritzak.
Sindikatu Zaharra. Han igogailua jartzeko Jaurlaritzatik 37.568,26 euro jaso zituen Udalak. 150.253 euroko obra izan zen.
Izarraitz pilotalekua. Igogailua jartzeko 33.056 euro eman zituen.
Udaletxeko igogailua. 300.506 euroko aurrekontua izan zuen, eta 75.126 eurorekin lagundu zuen Jaurlaritzak.
Zapo Txoko. Gaztelekuan igogailu plataforma jartzeko 5.259 euro eman zizkion Jaurlaritzak Udalari.

-2003-2004 urteetan
Etxe Alai eta Arana Goikoa. Irisgarritasuneko lanak laguntzeko 28.076 euro eman ditu Jaurlaritzak.
Enparan Dorretxea. Igogalua jartzeko, sarreran eskailerak kendu eta pasabidea egiteko 65.191 euro eman ditu. Sarbidea eta igogailua jartzeko lanek 238.000 euroko aurrekontua izan dute.

-Herritarrei
Etxebizitzak eraberritzeko. Etxeetan igogailuak jartzeko edota etxaurreak konpontzeko, Azpeitiko 182 eskari lagundu ditu Jaurlaritzak. Guztira 189.900 euro emanez.