Joan Mari Torrealdai: "Euskal kasuan garrantzi berezia izan dute zentsoreek"

Uztarria 2006ko ots. 17a, 18:02
Torrealdai, asteartean Sindikatu Zaharrean eman zuen hitzaldian.

Joan Mari Torrealdaik hitzaldia eman zuen asteartea (hilak 14), Sindikatu Zaharrean Uztarria Kultur Koordinakundeak gonbidatuta. Ordu eta erdian zentsuraz hitz egiten aritu zen Torrealdai

Hona hemen hitzaldiko laburpen bat

Laxaro Azkune Uztarriako lehendakariak egin zuen aurkezpena. Joan Mari Torrealdai eta haren bibliografia aurkeztu zituen Azkunek eta, ondoren Torrealdaik hartu zuen hitza.

Hizlariaren sarrera

"Nik zentsurari buruz hitz egiteko dauzkadan argumentuak hauek dira: tesia egin nuen zentsurari buruz; gero bestetik, Idazluma eman zidaten adierazpen askatasunaren alde borrokatzeagatik; eta batez ere hala ez, zentsura jasan izanagatik. Bai idazle bezala, bai Jakineko zuzendari bezala eta batez ere Egunkariako kide bezala. Horren inguruan pasatu genuen guztia, nik zentsuraren barruan sartzen dut. Ez dakit justu zentsura den ala inkisizioa den. Hor daukat duda, baina bietatik dauka", esan zuen Torrealdaik.

"Zentsuraz hitz egiten denean zertaz hitz egiten den jakitea ez da batere erraza. Zentsura era askotara erabiltzen da. Batzuk itxi-itxian erabiltzen dute, erredukzionismoa egiten dute, eta zentsura bezala ulertzen dute bakar bakarrik frankismo garaian egiten zena. Baina hori ez da egia".

Txibiengatik ez balitz

Francoren garaiko zentsurarekin lotutako pasadizo bat kontatu zuen Torrealdaik hitzaldian. Editorialek zentsurari aurre egiteko zer egin behar izaten zuten kontatzeko honakoa jarri zuen adibide bezala: "Pedro Rocamora Director General de Propaganda izan zen 1945etik 1951ra, Francoren hirugarren gobernuan, honen ardura liburuen zentsura eta argitalpena zen. Honek, Zarautzen igarotzen zituen oporrak eta dirudienez harreman errazeko pertsona zen eta hemen lagunak egin zituen; horien artean Jose Artetxe azpeitiarra eta Patxi Unzurrunzaga Itxaropena inprimategiko nagusia ziten", kontatu zuen Torrealdaik.

Unzurrunzagak Rocamorari goizean hartutako txibiak ematen omen zikion, "txibi fresko eta onentsuenak" eta horrela egin omen ziren lagunak. "Seguru intentziorik gabe ez zizkiola emango. Nik gogoan dut, behin arrotasun puntuarekin nola esan zidan txibiei esker berak hainbat liburu publikatzea lortu zuela". Txibien kontura, hiru euskal liburu argitartzea lortu izan zirela adierazi zuen Torrealdaik: Salvatore Mitxelenaren Arantzazu euskal poema, Orixeren Euskaldunak eta Bera Mendizabalen Diccionario Vasco-Castellano. "1947ko irailaren 9an, Arantzazuko amaren egunean -egun seinalatua Zarautzen- Artetxe eta Unzurrunzaga Rocamoraren etxera joan ziren, eta hiru liburu horiek argitaratzeko baimena lortu zuten. Liburu horiek Rocamoraren eskurik gabe ez ziren inola ere aterako", zioen Torrealdaik. Ez orduan eta ezta 60ko urteetan ere, euskal kulturako liburuak eta liburu jasoak argitaratzea ezinezkoa zelako.

Zentsoreak

"Euskal kasuan garrantzi berezia izan dute zentsoreek. Madrilen bi zeuden bakarrik euskara ezagutzen zutenak; beraiek erabakitzen zuten gauza bat publikatu edo ez. Beraiek ematen zuten bertsioa, bertsio definitiboa izaten zen. Eta guk ez genuen beraien irakurketa zein zen ezagutzen. ... Hauen euskera maila zein zen jakiteko adibide batzuk emango dizkizuet. Harri bitxien antologia izugarri bat egin daiteke hauekin":

-urrats (pauso) = abuja
-karri, kale = rail
-zu (ni...) = fuego
-oihan baso = cama
-bortxatu = estropear
-axola = *compasión*
-xede = sede
-sona = campana
-Garaziko dorluia = *la misión de su tiempo*
-arrotz = orgulloso
-bait = *sí*
-hastapena (hasiera) = olvido
-hots = *frío*
-itzal = bandera
-jasan = levantar

1969an eta 2003an

"2003ko otsailaren 20an, eta gero urte bereko urriaren 16an, Euskaldunon Egunkaria eta beste hainbat enpresa itxi egin zituzte; itxi bakarrik ez, likidazioa egin behar izan genuen. 60 hamarkadan (Jakin aldizkarian nengoela) jasandako zentsuren eta 2003an jasandakoen artean paralelismo eta desberdintasun handiak daude. Paralelismoa dago, azkenean bietan ez delako multa bat ere egon; ez batean ez bestean. Baina debekua egon da. Debekuaren arrazoiak, Egunkariaren kasuan, oraindik ez dakizkigu. Besteenak badakizkigu artxiboetara iritsi direlako. Diferentziak hauek dira: 69an gu ez gintuzten atxilotu, ez torturatu. 2003an bai. 69an ez ziguten dokumentaziorik inkautatu, 2003an bai: pribatua, publikoa eta beste enpresa askotakoa... Hori 2003an pasatu zen, demokrazioan. 69koa zentsura izan zen garbi-garbia. Oraingoa zer da? Zentsura da? Edo zentsuraz haratago dagoen inkisizioa?", azaldu zeun Joan Mari Torrealdaik.

Zentsuraren gaur egungo bertsioa

"Argitaratu aurretik egiten den zentsurak hiru gauza behintzat esan nahi ditu. Alde batetik, jokamolde bat planteatzen da. Horrela zer lortzen da? errealitatea gustukoa ez denean ezkutatzea: ez da horren berririk ematen. Bigarrena, aurkaria edo desberdina, etsai bezala tratatzea. Eta hirugarrena, berriz, etsaia markatu egiten da eta horrela ezabatu egiten da... Hau ere gaur egun egiten da. Zentsura hau da, estatuaren estrategiarekin bat datorrena".