Jose Mari Iriondok 'Basarri'-ri buruzko liburua idatzi du

Uztarria 2006ko ots. 16a, 12:02

Basarri I. bat-Batean izena du liburuak; bertan, bertsolari errezildarrak bertsogintzan emandako onena biltzen saiatu da Iriondo

Jose Mari Iriondo kazetari azpeitiarrak Iñaki Eizmendi Basarri bertsolariaren bat-bateko bertsogintzak 30. hamarka erdialdatik hasi eta 90. erarte emandako onena biltzen saiatu da.

Liburu hau egin ahal izateko, Jose Mari Iriondok berak kazetari lanetan egindako grabazioak erabiltzeaz gain, beste hainbat lekutatik jasotako bertsoak bildu ditu. Iriondoran ustez, liburuan bildutako bertsoek Basarri nolako bertsolaria izan zen erakusteko balioko dute. Liburuarekin batera, diskoa ere argitaratu du Iriondok.

Liburu hau ordea, ez da Basarriri buruz Iriondok idatziko duen liburu bakarra. Izan ere, Basarrik egunkari eta aldizkarietan idatzitako bertsoak bildu nahi ditu aurrera begira Jose Mari Iriondok. Baina oraindik ez daki ziur eta zehatz zenbat izango diren liburu horiek.

Basarri I. Bat-batean liburuaren aurkezpena datorren asteazkenean, otsailaren 22an, izango da Zarauzko Sanz enean 19:30ean.

Hona hemen 'Urola Kostako Hitza'n Iriondok Basarriri buruz idatzitako liburuari buruz ateratakoa.

Joxe Mari Iriondo: "Basarrik jendearekin beharrezkoa zen tratua izaten bazekien"

Joxe Mari Iriondo bere liburuaren eta Basarriren inguruan aritu da 'Hitza'rekin.

Nolatan erabaki zenuen Basarriren bat-bateko bertso onenak biltzea?

Basarriren lanak hortik zehar sakabanatuta zeudela eta horiek batu beharra zegoela esan zuen Antonio Zabalak Deustuko unibertsitatean honoris causa egin zuteneko hitzaldian. Horiek biltzen hastea erabaki nuen. Materiala biltzen ari nintzela, bat-bateko bertsoak bilduta nituela gogoratu nintzen, eta Basarri idazlea, kazetaria eta bat-bateko bertsolaria izan arren, denaren gainetik bat-bateko bertsolaria zen. Hori dela-eta, pentsatu nuen lehenengo eman behar nuena bat-bateko hori zela, eta hortik liburuaren izenburua.

Zein informazio iturri erabili dituzu zure liburua osatzeko?

Esku artean Basarriren jaialdietako eta hitzaldietako grabazio asko nituen, eta baita aldizkari askotan publikatutako artikuluak ere. Horiek denak biltzen hasi nintzen, bat-bateko bertso kantatuak eta batez ere kronikak, garai hartan egunkari eta aldizkarietan argitaratutakoak. Besteak beste Eguna, El dia, *La Voz de Guipúzcoa, Argia eta Euzkadi*n izatzi zuen.

Ez dituzu Basarriren bertso guztiak bildu, ezta?

Denak ez ditut bildu ez, aukeraketa bat egin behar izan dut. Ez ditut aukeratu bere bertso onenak bakarrik, baita bere inguruko bertsolarien bertso onenak ere. Beti joan naiz onenen bila, bere onenak eta bere bertso lagunaren onenak.

Zein dohain zituen Basarrik bertsogintzan?

Bat-bateko bertsolari oso ona zen, bat-batean beti neurri batean ibiltzen zen. Saio gehien Uztapiderekin batera egin zituen, joaten ziren tokira joaten zirela, beti Basarri hasten zen bertsotan, eta Uztapidek jarraitu egiten zion. Basarri aintzindaria zen. Bestalde, jendearekin beharrezkoa zen tratua izaten ere bazekien; alegia, gai librean aritzen ziren eta konturatzen zen, eta orduan berehala doinuz edo gaiz aldatzen zuen. Ikusleak nola maneiatu bazekien, horretan maisua zen.

Basarri gizon ikasia zela esaten zuten ezta?

Bai, baina ez zen gizon ikasia, Basarri autodidakta zen. Ezpainiako eta Frantziako klasikoak ezagutzen zituen: Victor Hugo, Fray Luis de León eta Santa Teresa de Jesús bezalakoak goitik behera ezagutzen zituen. Gainera, jendaurrean gorbatarekin agertu zen lehenengo bertsolaria izan zen, eta horregatik jende askok gizon ikasia zela uste zuen.