Txetxu Iriarte: "Orain partidak jokatu behar ditut, lehengo martxa hartzeko"

Uztarria 2006ko ots. 14a, 18:02

Ekainean belaunean min hartu eta zortzi hilabetez jokatu gabe egon da erremonteko jokalari azpeitiarra

Aurreko igandean (hilak 12) itzuli zen kantxara

Zortzi hilabetez jokatu gabe egon ondoren, igandean (hilak 12) Galarreta kantxara itzuli zen Txetxu Iriarte erremonteko jokalari azpeitiarra. Altuna I.arekin batera Bitoria-Aizpururen aurka jokatu zuen, eta 36-40 galdu zuten. Ekainean, Euskal Jai Berri pilotalekuan jokatzen ari zela, ezkerreko belaunean min hartu zuen Iriartek, eta lotailu gurutzatuak eta barruko meniskoa hautsi zituen. Ekainetik erremontean jokatu gabe egon da Iriarte. Belauna sendatzeko behar izan dituen hilabeteak "luzeak eta astunak" egin zaizkiola dio kirolari azpeitiarrak.

Igandean itzuli zinen kantxara. Zer moduz?

Pixkat urduri irten nuen partida jokatzera. Ezkerreko hanka da min hartutakoa eta pilotakada denak hanka horren gainean jo behar izaten dira eta beldur pixkat banuen. Baina beno oso gustura sentitu nintzen jokatzen. Orain partida batzuk jokatu beharko ditut, berriro ere lehengo martxa hartzeko. Horrenbeste denboran jokatu gabe egoteko ondo ikusi nuen neure burua. Gustura sentitu nintzen. Partida lau tantoko aldeagatik galdu genuen, baina irabazten joan nintzen eta sentsazio onak izan nituen, lesionatu aurreko sentsazioak.

Hurrengo partida noiz jokatuko duzu?

Hurrengo partida noiz jokatuko dudan ez dakit, hori intendenteak erabakiko du. Orain, batez beste astean bi partida jokatzen dituzte beste jokalariek, eta neu ere hor ibiliko naiz, besteen antzera. Hala ere, uste dut, hasieran partidak laguntza pixkatekin jarriko dizkidatela, aurrelari hobeekin. Orain konfidantza hartu behar dut, partidak jokatu ahala hartuko dudala espero dut. Beldur pixkat badut, jokatzen ari naizela berotu egiten naiz eta ez dut ezer sentitzen, lasai jokatzen dut, baina mugimendu txarren bat eginez gero edo salto bat egin behar badut buruak pixkat frenatu egiten nau. Baina hori konfidantza hartu arte da.

Luzeak egin al zaizkizu min hartuta egon zaren hilabete hauek?

Astuna izan da. Egunero errehabilitazioa egitera Donostiara joaten nintzen. Goizean dendan egoten nintzen eta arratsaldetan joaten nintzen Donostiara. Luzea egin zait, hirubat egun txarrak izan nituen, hobera ez nuela egiten uste nuen. Asko kostatzen da aurrera egitea, nik hala ere minik ez dut sentitu ebakuntza eta gero. Baina ebakuntza egin eta sei hilabetera arte ez didate ezer egiten utzi. Denborarekin pausoz pauso bizikletan ibiltzen hasi nintzen eta korrikan 20 minutu egiten... Oso luzea izan da, sei hilabete pasatu arte ez didate xextua hartzen utzi, belaunean jarri didaten lotailuak denbora hori behar duelako. Palaz, tenisean... ibiltzen nintzen lagunekin denbora pasa. Baina...tentazioa handia da, ezin nuelako astakeriarik egin eta beti frenatzen ibili behar izaten dut.

Hona hemen, berriz, Berria egunkariak Txetxu Iriartez egin duen erreportaia.