"Giro ona" Matxinbentan, santagedatan

Urola Kostako Hitza 2006ko ots. 7a, 11:02
Igandean haur jolasak izan ziren Matxinbentan.

Festa Batzordeak zozkatu duen otarra 5.842 zenbakiarentzat izango da (Urola Kostako Hitza)

Astelehenean (hilak 6) bukatu ziren Matxinbentako Santa Ageda festak. "Orokorrean festak ondo" joan direla diote Matxinbentako Festa Batzordekoek. "Giro ona izan da jaietan, eta kanpotik ere etorri da jendea festetara", dio Ainitze Agirrezabala Festa Batzordeko kideetako batek.

Larunbateko bertso afarian Matxinbentako taberna bete-beteta egon zen. "Oso ondo jardun ziren Jexux Mari Irazu eta Sustrai Colina bertsotan, eta bertara joan zen jendea oso gustura gelditu zen. 23:15ak aldera, egun guztian santaeskean ibilitakoak heldu ziren Matxinbentara eta haiek ere bertsotan jardun zuten. 02:30ak aldera arte giro polita egon zen", diote festen antolatzaileek.

Igandean (hilak 5), aldaketa batzuk izan ziren festetako egitarauan: Beasaingo txistularien ordez Azpeitiko Izarraitz Txistulari Elkartekoek jo zuten, eta pilota partidarik ez zen jokatu, "festa batzordekooi udaletxean eskaera egitea ahaztu zitzaigun, eta horregatik ez zen pilota partidarik jokatu".

Otarraren zenbakia

Azken urteetan, Santa Ageda jaietan, Matxinbentako produktuekin osatutako otarra zozkatzen dute Matxinbentako Festa Batzordekoek, "etxe eta baserrietara gutun bat bidaltzen dugu, otarra osatzeko produktuak eskaintzeko galdetuz. Hala, jasotzen ditugun produktuekin otarra osatzen dugu. Gero, txartelak atera eta otarra zozkatzen dugu. Aurten ere txartel guztiak saldu dira, eta gustura gaude", dio Agirrezabalak.

Zenbaki sariduna 5.842 da, txartel hori duenak astebeteko epea hilaren 12ra arte izango du saria jasotzeko, horretarako Matxinbentako Beheko tabernara joan beharko du edota 943 886315 telefono zenbakira deitu. Zenbaki hori duen txartela azalduko ez balitz, 1.275 zenbakia duen txartela izango litzateke sariduna; hau baita ordezko zenbakia. "Jateko produktuak daude otarran eta horregatik jarri dugu otarra jasotzeko astebeteko epea, bestela janariak galdu egingo dira", azaldu du Agirrezabak.

Otarraren zozketatik ateratako dirua jaietako ekitaldiak ordaintzeko izaten da. "Aurten, gainera, mus txapelketan galera izan dugu: elurra egin zuen eta jende gutxi etorri zelako, baina zozketaren diruarekin galera horri aurre egiteko aukera izango dugu", diote.