Etxanizek burtzikari profesionala izateari utzi dio

Urola Kostako Hitza 2006ko ots. 2a, 14:02
Igor Etxaniz bere zaldietako batekin. Argazkia: Urola Kostako Hitza

"Diruak ateak itxi" dizkiola dio Igor Etxaniz 'Kinttela'burtzikariak eta orain afizio bezala hartzeko asmoa duela dio Urola Kostako Hitzan

Igor Etxaniz Kinttela-k utzi egingo dio burtzikari profesional izateari, "batik bat diru kontuengatik. Diru asko mugitzen den mundua da, eta une honetan diru asko duen jende asko sartzen ari da eta ateak diruarekin itxi dizkidate. Batzuk ordaindu egiten dute toreatzeagatik eta horri aurre egitea oso zaila da". Aurrera egiteko biderik ez du ikusten 23 urteko azpeitiarrak, eta etsi egin du; beste lan bat topatu eta lanbide moduan burtzikaritza uztea erabaki du. "Orain dudan lanak denbora libre asko uzten dit. Burtzikaritzari afizio moduan helduko diot orain".

"Ia derrigortuta" hartu duen erabakia dela dio. "Ilusio izugarria neukan burtzikari moduan jarraitzeko; gustura nengoen. Aurrerapen handiak egiten ari nintzen, baina beti ezin da zaleen elkartetik eta etxetik tiraka jarraitu. Momentu batean neuk aurrera egiteko gai izan behar dudala uste dut, eta burtzikaritzan gauzak nola dauden ikusita ezinezkoa da".

Lanbide moduan utzi egingo dio burtzikaritzari, baina lanak uzten dion denbora librea zaldietara eta burtzikaritzara lotuta emango duela dio. "Nik mundu horretan jarraitzea nahi dut. Lehen zazpi zaldi neuzkan, bi saldu egin ditut, eta orain dauzkadan bostak ere saltzeko dauzkat. Horiek salduko banituzke beste batzuk erosiko nituzke, gazteak, hezitzeko. Uste dut beti izango ditudala zaldiak".

"Iaz Azpeitian toreatu behar nuelako inbertsio handi bat egin nuen; zaldi bat erosi nuen, eta denbora luzeagoan egon nintzen entrenatzen. Kontratu batzuk ere eginda neuzkan, diru aldetik nahikoa onak gainera, baina azkenengo unean bateren bat diruarekin sartu eta bi plaza kendu egin zizkidaten. Horregatik, denboraldi bukaeran nahikoa gaizki pasatu dut", kontatu du burtzikariak.

Kontuak nahi ez bezala atera bazaizkio ere, inpresio onarekin utziko du, egindako lanarekin eta ikasi duenarekin gustura. "Nik espero baino urrunago heldu naiz. Txikitan nuen ametsa bete dut, eta orduan uste nuena baino gehiago lortu dut, gainera. Heldu naizen tokira iristea ezinezkoa zela uste nuen. Oso lasai nago orain. Azkena Azpeitian egindako lanarekin gustura gelditu nintzen, jende askok uste baino lan hobea egin nuelako".

Kinttela Zezenzale Elkarteak izugarri lagundu diola dio Igor Etxanizek. "Asko lagundu didate, eta beti ondoan izan ditut elkartekoak. Horrek indar handia ematen du aurrera egiteko. Nire asmoaren berri eman diet, eta ulertu didate. Orain Elkarteak bere jardunarekin jarraituko du", gaineratu du burtzikariak.