Ostiralean hasiko dituzte Matxinbentan Santa Ageda jaiak

Urola Kostako Hitza 2006ko ots. 1a, 11:02

"Bertako jaiei eustea eta ez galtzea" da Matxinbentako festak antolatzen ibiltzen den batzordeko kideen asmoa (Urola Kostako Hitza)

Ostiralean, otsailaren 3an, hasiko dituzte Santa Ageda jaiak Matxinbentan. Ostiral arratsaldean hasi eta igandera bitartean ekitaldiz betetako asteburua izango dute. "Urtero antzeko festak antolatzen ditugu, batez ere matxinbentarrak izaten direlako jaietan, eta kanpotik ez delako jende asko etortzen. Bertso-afaria, soinujoleak, pilota partidak... urtero antzeko ekitaldiak izaten dira. Gazteei zuzendutako ezer ez dago antolatuta, baina zaila da jende gaztea hona erakartzea. Gure nahia Santa Agedak ez galtzea da, eta festei eustea", dio Ainitze Agirrezabala Matxinbentako Festa batzordekoak. Duela hiru urtetik, lau gaztek osatutako batzordea jardun ohi da jaiak antolatzen.

Musean, bikote gutxi

Aurreko ostiralean mus txapelketa antolatu zuten auzoan, baina oso bikote gutxik parte hartu zuen. "Elur asko egin zuen Matxinbentan, eta kanpotik oso bikote gutxi etorri ziren musera. Aurreko urteetan, 16 eta 20 bikote artean izaten ziren, baina aurten zortzik hartu dute parte, horietatik sei bikote auzokoak", dio Agirrezabalak.

Santa Ageda jaietako egitaraua

Otsailak 3, ostirala
20:00etan. Festei hasiera emateko, auzotarrek suziriak botako dituzte.
22:00etan. Larreategi anai-arrebekin erromeria hasiko da.

Otsailak 4, larunbata
08:00etan. Matxinbentako gazteak eskean atreko dira, Loidisaletxe bertsolariarekin eta Laja eta Izer trikitilariekin, Matxinbentatik Azpeitira etorriko dira, Landetan bazkaldu ondoren, pixkanaka berriro ere Matxinbentarako bideari ekiteko. Urrestillan eta Nuarben ere geldialdia egingo dute.
11:00etan. Jubilatuentzako hamaiketakoa.
20:30ean. Bertso afaria, Jexux Mari Irazu eta Sustrai Colina bertsolariekin, Beheko tabernan. Aurrez txartelk erodi behar dira, horretrako Beheko tabernako 943 88 63 15 telefono zenbakira deitu behar da.
22:00etan. Olarte anaiak trikitilariak.
23:30ean. Egun guztian eskean ibilitako gazteak Matxinbentara itzuliko dira.

Otsailak 5, igandea
09:00etan. Goiz eresia Beasaingo txistulariekin.
11:00etan. Meza.
11:00etan. Pagorregiko oreinen eta Matxinbentako animalien erakusketa.
11:30ean. Esku pilota partidak. Beasaineko pilotariak Azpeitikoen aurka ariko dira. Ilunpe Pilota Elkartekoen laguntzarekin antolatuta.
17:00etan. Herri kirolak: Aizkoran Izer eta Otaegi; harrijasotzen Aimar eta Ostolaza. Bukaeran bertako produktuen otarra zozkatuko dute.
Egun osoan. Lutxurdixo eta Aitziber soinujotzaileek alaituko dute jaia.